Andraetxeko bazkideek ikasturtearen balorazio "oso positiboa" egin dute
Joan den barikuan [ekainak 14] hogei bazkide inguruko elkartu ziren ikasturtea baloratu, hausnartu eta hurrengo urteari begirako erabakiak hartzeko.
Lekeitioko Andraetxeak joan den otsailean bere ateak ireki zituenetik hamaika izan dira bazkideek antolatu dituzten ekintzak. Aurtengo ikasturteagaz eguaztenean amaituko badute ere, eguaztenean [ekainak 19] egongo den euskal dantza ikastaroagaz. ikasturtea itxi eta otsailetik egindakoaren inguruan hausnartu nahiz baloratzeko elkartu ziren joan den barikuan [ekainak 14] Andraetxeko bazkideak.
Hogei emakume inguru elkartu ziren bertan, eta orokorrean balorazio “oso positiboa” egin dute bazkideek: “Andraetxea funtzionamendu berriarekin otsailean zabaldu zen, eta oso denbora gutxi pasa da ordutik. Hasi berriak gara honetan, baina momentuz, egin duguna oso positiboki baloratu dugu, oso anitza izan da”. Hala, “pozik” daude egindako lanarekin eta espazioak ematen dienarekin. Era berean, azaldu dute ez zutela ahaztu Andraetxea tresna bat dela herri feminista bat eraikitzeko: “Andraetxearen helburua, herri feminista batera bidean antolatzeko espazio bat da, geu batzeko eta Lekeitio hobe bat eraikitzerako bidean”.
Hori horrela, elkargunean landutako lau puntu azpimarratu dituzte Andraetxeko bazkideek. Alde batetik, Lekeitioko Udalak UEMAren bidez emandako formakuntzari esker “baliabide eta tresna” batzuk eskuratu dituzte azaldu dute, eta horrek joan den elkargunean eduki zuten hizkuntzaren arazoa konpondu zuen: “Guk argi daukagu elkargunea euskaraz egin nahi dugula, baina emakume migratzaileek ere parte hartzea nahi dugu. Hori horrela izanda, formakuntza bat jaso genuen, eta Telegram bidezko zuzeneko itzulpena egin zen. Lehenengoz estreinatu genuen metodologia hori, eta oso pozik gaude emakume migratzaileak ere kontuan hartuta sentitu zirelako”.
Hurrengo ikasturteko txandak eguenetan izango dira.
Hurrengo ikasturteari begirako helburuak ere finkatu zituzten, eta tartean, Andraetxearen funtzionamenduari ere beste buelta bat eman diete: “Orain arte eguaztenetan zabaldu izan dugu, txanden bitartez. Txanda batzuetan ekintzak antolatzen ziren, eta beste batzuetan ez. Otsailetik hona ikusi dugu zenbat ekintza desberdin egin diren, eta hausnartu duguna izan da gure buruari ez daukagula zertan horrenbeste ekintza antolatzeko presioa ipini behar”. Ondorioz, txandak eguaztenetik eguenetara pasako dituzte: “Pentsatu dugu gure burua presionatu barik, txandak eguenetara pasatzea eta ez edukitzea presiorik ekintzak antolatzeko. Ze, askok esan dute sarritan faltan botatzen dutela egoteko edo berba egiteko espazio bat. Emakume migratzaileek, adibidez, bakardadearen kontua aipatu zuten. Sarritan oso bakarrik sentitzen direla esan zuten, eta beste emakume askoren moduan, eguenetan bertara joan eta norbait egongo dela jakitea ondo datorrela”.
Azkenik, hurrengo urtean emango dituzten hiru formakuntza erabaki zituzten: emakume migratzaileen eskubideen inguruko formakuntza, batukada feminista sortzeko formakuntza eta hilerokoaren zikloaren inguruko formakuntza. Euren behar eta nahietatik sortutako formakuntzak dira denak ere: “Emakume migratzaileek azaldu zuten euren eskubideen inguruko formakuntza falta handia somatzen zutela, eta beharrizana dutela bai juridikoki eta bai sozialki. Bestalde, gutariko askok gogoa daukagu batukada feminista bat egiteko, baina ez dakigu nondik hasi. Azkenik, orokorrean hilerokoaren zikloaren inguruko formakuntza bat egin nahi dugu, denentzako”.
Irakurle talde feminista. Hurrengo ikasturterako helburuak eta hobetzekoak erabakitzeagaz batera, aurtengo ikasturtean ondo baloratu diren ekintzak ere aipatu zituzten, eta horietako bat izan da Ane Labakaren gidaritzapean egin duten irakurle talde feminista: “Oso positiboki baloratu da. Alde batetik, belaunaldiartekoa izan delako; bestalde, feminismoaren inguruko gaur egungo erronka askotaz berba egiteko aukera eman duelako, eta azkenik, espazio oso parte hartzailea izan delako”.