Larrialdi zerbitzuaren erizain eta erizaintza laguntzaileen eskasia salatu dute
Osasun arloko langileek elkarretaratzeak egin dituzte gaur [ekainak 17], Gernikako Ospitaleko larrialdi zerbitzuek duten erizainen eta erizain laguntzaileen eskasia salatzeko.
Osasungintza alorreko beharginek beraien ezinegona eta desadostasuna plazaratu dituzte gaur [ekainak 17], Gernikako Ospitalearen aurrealdean nahiz Merkatu plazan. Agerraldi bi egin dituzte, aipatutako ospitalearen larrialdi zerbitzuak duen erizain eta erizaintzako laguntzaileen eskasia salatzeko. Elkarretaratzeokin bat egin du sindikatuen gehiengoak: SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT, SAE eta ESK-ek.
10:00etan ipini dute hitzordua lehendabiziko elkarretaratzerako. Ospitalean atarian, langileek argi eta garbi utzi gura izan dute erizaintza beharginen gabeziak pazienteei “zuzen-zuzenean” eragingo diela, eta eurak izango direla eskasia horren ondorioak pairatuko dituztenak. “Egoera oso agerikoa da: erizainen eta erizaintzako laguntzaileen falta oso larria da, eta horrek eragotzi egiten die erabiltzaileei kalitatezko asistentzia medikoa bermaturik edukitzea. Egoera prekario horrek, osasungintzako langileei eragiteaz gain, arriskuan ipintzen ditu hala pazienteen segurtasuna, nola eman beharreko arreta maila; ezin dugu onartu egoera honek bere horretan jarraitzerik”, azaldu dute.
Aldarriek gora eta gora besterik ez dute egiten; laguntza eskaera geroz eta handiagoa da. Behar eta eskatzen dituzten egiturazko erantzunak, baina, “ez da iristen”: “Larrialdiren bat gertatzen denean, profesionalek bai bereizketa gunea, bai boxak inongo arretarik gabe utzi behar dituzte, hau da, kokaleku horietan dauden pazienteen egoera gainbegiratuko duen langile barik“. Horrenbestez, aipatutako azken paziente horien segurtasuna “arriskuan” ipintzen dela nabarmendu dute, “berehalako konponbidea eskatzen duen egoera jasanezina sortuz”.
“Gatazka honek, neurri puntualak barik, estrukturalak eta sakonagoak eskatzen ditu”
Osakidetzari eskatzen diote hartzen dituen neurriek “premiazkoak” eta “eraginkorrak” behar dutela izan: “Ezer gutxirako balio du uda sasoian lantaldea handitzeak, iraila heltzeagaz batera egungo arrisku eta prekaritate egoerara bueltatuko baldin bagara; gatazka honek neurri estrukturalak eta sakonagoak eskatzen ditu. Boxetako eta triaje eremuko segurtasuna urte osoan zehar bermatzeko gai izango den eraldaketa guztiz nahitaezkoa da”.
Ospitale arteko arrakalaz.
11:30ean, Merkatu plazara lekualdatu dituzte langileek beraien aldarri nahiz eskakizunak. Hain zuzen, merkatuaren aldameneko Domingo Alegria plazatxoan elkartuta, azpimarratu dute Gernikako eta Galdakao-Usansoloko ospitaleetako langile ratioaren aldea “benetan ikaragarria” dela: “Galdakao-Usansoloko ospitalean lantaldea handituz eta unean uneko beharrizanetara egokituz joan diren heinean, Gernikako ospitaleko larrialdi zerbitzuetan neurri puntualak eta oso eskasak besterik ez dira aplikatu, hala nola, erizain bat kontratatzea eta erizaintzako laguntzaile bati ordu gehiago bakarrik oporraldian ematea. Neurri horiek ez zaizkigu inondik inora nahikoak iruditzen”.
Osasungintza langileekin eta sindikatuetako ordezkariekin batera, pentsiodunen mugimenduak ere agerraldi bietan parte hartu du, eta adierazi dutebehargin horien borrokagaz nahiz beraien eskaerekin “bat egiten dutela”, baita etorkizunean “eurak babesten jarraitzeko asmoa” daukatela ere.