Gure Eskuk ‘Herri Libre Bat’ herri dinamika aurkeztuko du
Ondarroan amaituko dituzte aurkezpenak, uztailaren 6an; ordua eta lekua zehazteke daude.
Gure Eskuk Herri Libre Bat herri dinamikaren aurkezpena egingo du eguaztenean [ekainak 19], 19:00etan, Lekeitioko Azkue aretoan. Bertan, Josu Etxaburu eta Iñigo Urrutia bozeramaileak izango dira. Hala ere, aurkezpenaz gain, bestelako ekintzak antolatu dituzte. Gure Esku Gunea zabalduko dute eta bertan animazioa egongo da, mural margoketa egingo dute, material salmenta postua ere jarriko dute eta amaieran kopaua egingo dute.
Gure Eskuren Herri Libre Bat dinamikak eragile soziopolitikoen eta euskal lurraldeen arteko lankidetzan sakondu nahi du, baina, orain, hiri eta herrietan bilera irekiak egiteko lanean daude. Gure Eskuk dio “erabakiaren bidea elkarrekin egitea” duela helburu bi urterako dinamika berriak, eta “herritarrak Herri Libre Bat dinamikaren barruan kokatzeko” dira bilerak.
“Batzar orokorretan, Euskal Herriko eta munduko gaur egungo koiunturan kokatuko da bertaratutakoa”, esan du elkarteak. Herri Libre Bat dinamikaren hurrengo ekinaldien “nondik norakoak” azalduko dituzte, baita hurrengo pausoak zein izango diren ere. “Herriak erabakiaren bidean martxan jartzea da helburu nagusia, eta herri libre bat eraikitzeko aurrerapausoak ematea”. Hain zuzen ere, Ondarroan amaituko dituzte aurkezpenak, uztailaren 6an, Ondarroan, ordua eta lekua zehazteke daude.