Lekeitioko Udalak herritarrek egindako "lan ikaragarria" eskertu du
Atzo [ekainak 17] agerraldia egin zuen Lekeitioko Udalak, urtebetean egindako lanak baloratu eta herritarrei datozenen berri emateko.
Atzo [ekainak 17] bete zen urtebete Lekeitioko EH Bilduk herritarren babesa jaso eta makila altza zuenetik. Hori horrela, agerraldi baten bitartez eman zuten urtebetean egin dituzten, egiten ari diren eta egingo dituzten proiektuen berri. Balorazioagaz hasi aurretik, baina, EH Bildu Lekeitioko indar bozkatuena irten zen unea ekarri zuten gogora: “Ilusio bereziagaz gogoratzen dugu momentu hori. Ilusiotik, segituan ipini genituen hankak lurrean, herriagaz batera abante egiteko prest”.
Hala, “herritarrak udal politiken erdigunean” hartuta, duela urtebete zehaztutako helburuan ipini nahi izan zuten arreta: “Esan behar dugu oso pozik gaudela. Pozik gaude, Lekeitioko herriak aldaketaren testiguari gogoz heldu diolako. Herritar asko dira, handik edo hemendik, sekulako ekarpena egiten daudenak. Zer litzateke herri hau hori barik?”. Hain zuzen ere, udaleko ordezkariek “ikaragarri” eskertu zuten herritarrek egindako lana: “Benetan sinesten dugu herria herritarrek egiten dutela. Eta herritarren interes eta beharrizanak ondoen babestuko dituztenak, beti izango dira herritarrak. Eta duda barik, udaletik egin daitekeen lana askoz emankorragoa izango da herri bultzada handi bategaz badoa. Isilean, gerizpetan eta umiltasunez lanean zabiltzaten herritar guztioi, gure eskerrik beroena”.
Herritarrek egindako lana txalotzeagaz eta euren “eskerrik beroena” emateagaz batera, duela urtebete aldarrikatu zituztenak ekarri zituzten gogora: “Herritarrak zaintzen dituen herria izatea aldarrikatzen genuen. Eta horretarako, gutxienez, herri nortasuna berreskuratu, eta bertan duintasunez bizitzeko aukerak jorratu behar genituen”. Aldaketak egiteko “konpromisoa” hartu zutenetik, norabide horretan “oinarri sendoak” ipini dituztela uste dute.
Hurrengo ikasturtean proiektu “oso inportantea” izango da kulturartekotasuna lantzea.
Hori horrela, orain arte egindako lanak gogorarazi zituzten, esaterako, Maderas de Lekeitioko lur eremua herriratzea, Lekeitioko udal eraikin guztien azterketa energetikoa egin eta euretan eguzki plakak ipintzea, ludoteka eta frontoia zabaltzea, Next Generation Europako dirulaguntzekin aurrera eroaten ari diren proiektuak, ordainpeko aparkalekuak, Etxebizitza Turistikoak mugatzeko araudia egiten hastea eta erresidentzien “egoera kaskarra” dela eta eman dituzten pausuak.
Hainbat izan diren arren aurrera eroan dituzten proiektuak, beste hainbat dituzte esku artean, Lekeitioren 700. urteurrena, kasu. Era berean, “euskaraz bizi” den herria entzuteko “lan nekaezina” egiten dabiltzala mahaigaineratu zuten. Hurrengo ikasturteari begira, berriz, eskuartean duten “proiektu oso inportantea” kulturartekotasuna dela azaldu zuten: “Datorren ikasturtean zentralitatea hartuko du. Eskatu dugu garraio publikoa hobetzea, Osasun Sailburuagaz batuko gara… honek eta askoz gehiago dira eskuartean ditugun lanak, ezin denak hemen aipatu. Kontua da, herriak jakitea baietz, bagabiltzala”. Hartutako konpromisoak “ahalik eta ondoen betetzeko bokazioz” dabiltzala aldarrikatu zuten, eta herrian bizi nahi duenak “ahalik eta baldintza onenetan bizitzea” dela euren “misioa”.