Mutrikutik Zumaiarainoko hiru ibilbide ezagutaraziko ditu Geoparkeko Birak
Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak 54 kilometroko ibilbide zirkularra aurkeztu dute.
Atzo [ekainak 17] elkartu ziren Debako Casacampo begiratokian Mutriku, Deba eta Zumaiako alkateak Eusko Jaurlaritzak martxan ipini duen turismo baliabide berria ezagutzeko. Hain zuzen ere, Geoparkeko Bira izenagaz aurkeztu zuten ibilbidea; bertan egon ziren, aipatutako herrietako alkateez gain, Jesus de Cos eta Azahara Dominguez Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta Leire Barriuso Euskal Kostaldeko Geoparkeko kudeatzailea ere.
Hala, Barriusok azaldu zuenez, Geoparkeko Bira ibilbide zirkular bat da: “Euskal Kostaldeko Geoparkea hiru etapatan banatu eta 54 kilometrotan zeharkatzen du. Ibilbide horrek bisitariei geoparkea ezagutzeko aukera ematen die, itsaslabar, haran eta interes kultural eta turistiko handiko herrien artean dauden bidezidorretan barrena”. Izan ere, horixe da bira berriaren helburua: “Kostaldeko GR ibilbidea arrakasta handia duenez, Georparkeko Bira ibilbide hori luzatzeko eta lurraldeen barenaldea (Olatz, Lastur eta Itziar) ezagutarazi ahal izateko apustua da”.
Hori horrela, hiru etapa horietako lehena Mutrikun hasi eta Deban amaitzen da. 16,6 kilometroko ibilaldia egiteko aukera egongo da, sei ordu inguruko iraupenagaz. Etapa geoparkeko flysch zaharrenean hasten da, flysch beltzean, hain zuzen ere. Jarraian, Arnoko artadia zeharkatu, eta kostaldeko eta barnealdeko bistak ikusteko aukera egongo da, “euskal baserri tradizionalez osatutako bide bakar batean”.
Bigarren etapa, berriz, luzeena da: Debatik Zumaiarainoko ibilbidea. 19,7 kilometroko ibilbidea zazpi ordutan egin ahalko da, 1.000 metro inguruko desnibelagaz. Bigarren etapa horrek Historiaurreko Bailara zeharkatzen du, Deba ibaian gora. Handik, Lasturko ur kanalarekin lotuko da: “Geoparkearen ikuspegi ezohikoa eskaintzen du”.
Azken etapa, berriz, Zumaiatik Mutrikurainoko ibilbidea izango da. 17,7 kilometro eta 1.000 metroko desnibelagaz, zazpi ordu beharko dira ibilbide hau egiteko. Azaldu dutenez, “lurraren historian barrena doan ibilbidea” da: “Flyscharen edertasunaz bere osotasunean gozatzea ahalbidetzen gu, Elorriaga, Portutxiki eta antzeko bista ikusgarriekin”.
Garraio publikoa. Dominguezek azpimarratu du baliabide turistiko horretara garraio publikoaren bidez “erraz” heldu daitekeela, eta horrek, Gipuzkoa “erreferentziazko helmuga turistiko jasangarri gisa mantentzen” laguntzen duela. Era berean, Eusko Jaurlaritzatik mota horretako ekimenak babesten jarraituko dutela adierazi du: “Gure erakargarritasun turistikoei balioa ematen die, eta gainera, ikuspegi jasangarri batetik, jarduera turistikoa desestazionalizatzeko eta deslokalizatzeko gure helburuari lotuta dagoelako”.