14 pianista elkartu ditu Lea-Artibaiko II. Pianista gazteen emanaldiak
Eguenean [ekainak 20] Udaberriko Soinuak emanaldia eskainiko du Tarine Musika Eskolak Berriatuan.
Eskolak ikasturtea amaitzen ari diren bezala, Tarine Musika Eskola ere 2023/2024 ikasturteko azken txanpan bete-betean sartuta dago. Joan den barikuan Markina-Xemein, Berriatua, Lekeitio eta Ondarroako 14 pianista elkartu ziren Lea Artibaiko II. pianista gazteen emanaldian, Markina-Xemeingo Arretxinaga auzoan.
Baina pianistena ez da Tarineren azken emanaldia izango. Hain zuzen ere, Udaberriko Soinuak emanaldia Markina-Xemeinen egin eta gero, orain Berriatuan egiteko txanda iritsiko da. Ikasle berriatuarrek ikastetxeko jolastokia girotuko dute eguenean [ekainak 20] 19:30etik aurrera. Ikasturte amaierako emanaldi berezia izango da, eta eskolako talde guztiek parte hartuko dute. Hala, 7 urtetik 70 urtera bitarteko ikasleek genero eta estilo ezberdinetako doinuekin gozaraziko dituzte entzuleak. Musika klasikoa, pop estilokoa eta baita modernoagoa ere eskainiko dute emanaldian parte hartuko duten tresna eta ahots taldeek eta konboek.