Badator Aurrera Eguna
Zapatuan [ekainak 22] egingo dute Aurrera Eguna Ondarroan, Aurrera Kirol Elkarteak antolatuta. Euskal Herriko Kukaña Txapelketan "parte hartzeko" deia egin dute antolatzaileek.
Lehenengo aldiz antolatuko dute aurten Aurrera Eguna Ondarroan. Zapatuan [ekainak 22] ospatuko da egun guztiko egitarauarekin, eta helburu desberdinak dituzte Aurrera Kirol Elkarteko kideek. Alde batetik, Aurreraren izenpean kirola egin eta bultzatzen ari diren taldeen eta bertako kideen harremana sustatzea, eta bestetik, elkartea herritarrengana hurbiltzea.
Kohesio eta harrotasun sentimendu bat lortu nahi dute egunarekin, herritarrei Aurrera herriarena dela erakutsi, hain zuzen. Horregatik, egitarau barruan dauden jarduera guztiak herrikoiak izango dira, “herritar guztientzat egongo dira ateak zabalik, giro onean gozatzeko aukera egongo da”. Bazkariko txartel guztiak agortu dira, ia 300 lagunek beteko dute plaza. ” Euria egonez gero Zaldupeko jolastokira joango gara, baina zapatu goizean erabakiko dugu hori, eguraldiaren arabera”.
Lehen aldi honetan, futbolarekin zerikusirik duen ekintzarik ez antolatzeko erabakia hartu dute. “Lehen lerroan dagoen kirola da, oso ezaguna dena eta uste dugu umeek aukera izan behar dutela beste jarduera batzuk probatzeko”. Horregatik antolatu dituzte herri kirol parte hartzaileak, besteak beste, goizeko mendi buelta eta txirrindularien elkarretaratzea eta herri kirolak Mikel Agirre ondarrutarraren eskutik. DJ Kol, Arraun Elkarteko Lehendakariak, girotuko du Alde Zaharra zapatu iluntzean.
Kukaña txapelketa. Urtero antolatzen da Kukaña Txapelketa Ondarroako Andra Mari jaietan eta iaz 40 lagun apuntatu ziren. Hori ikusita, kukaña inguruan mugitzen direnek lehenengo txapelketa ofiziala egitea erabaki zuten, “beste formatu bat eman nahi genion eta Euskal Herriko Kukaña Txapelketa antolatzea erabaki genuen. Txapelketa antolatzeaz gain, Aurrera Kukaña Taldea sortu dugu”. Aurrera Kirol Elkartearen barruan egoteko nahia helarazi zioten elkarteari eta hauek “eskuzabalik” hartu zituzten. “Arazorik egongo ez zela esan ziguten baina Bazkideen Ohiko Asanblada Orokorrean onartu beharko zela”.
Egunari dagokionez, 18:00etan hasiko da txapelketa, parte hartzaileak 17:00etarako kukaña aurrean egon beharko dute, “egunean bertan ere apuntatzeko aukera egongo da, 17:00etatik 17:30era. Nortasun agiria ekartzea beharrezkoa da, segurua egin ahal izateko”. Momentuz, hamalau lagunek eman dute izena baina egun osoko egitaraua ikusita, jende gehiago animatzea espero dute antolatzaileek. 17:30ean Ricardo Expositori omenaldia egingo diote, kukañaren inguruan egin duen guztiagatik eta oroigarri bat jarriko da bertan, bere izenean.
Bi sari egongo dira, batetik, ikurrina hartzen duenarentzat eta bestetik, publikoaren saria: “irabazleak 1.000 euroko saria, ikurrina, txapela, garaikurra eta atuna irabaziko ditu. Publikoaren saria epaimahaiko kideek aukeratuko dute, txalo gehien edo giro hoberena sortzen duenak 200 euroko saria eta atuna irabaziko ditu”.
Ondarroako Aurrera Kukaña Taldetik parte hartzeko deia egin dute, “jende asko hurbildutzea espero dugu, herrian lau haizetara zabaldu da eta kukaña ingurua jendez beteko dela uste dugu. Taldetik txapelketan parte hartzeko deia egiten dugu “.
EGITARAUA
Zapatua, ekainak 22
- 09:30. Mendi irteera Tontorramendira. Musika Plazatik. Amaitutakoan, hamaiketakoa Musika Plazan.
- 10:00etan. Ondarruko txirrinduzaleen kedada. Irteera, Txirrindu Taldearen lokal aurretik. Bi aukera: Lekeitiora joan-etorria, umeentzat kostatik edo nahi duen guztiarentzat Milloiko buelta. Amaiera, Alamedan, hamaiketakoarekin.
- 12:00etan. Herri kirol parte hartzaileak umeentzat, frontoian. Probatu eta ikasi! Mikel Agirreren eskutik.
- 14:30ean. Herri bazkaria Musika Plazan.
- 16:00etan. Omenaldiak, aitortzak eta zozketak Musika Plazan.
- 17:00etan. Guztia batu eta kukaña ikustera goaz Alde Zaharrera.
- 18:00etan. Euskal Herriko I. Kukaña Txapelketa.
- Ostean. Musika Alde Zaharrean.