Suak, akelarreak eta dantzek girotuko dute Mutriku
Urteroko Akelarrea egingo dute Mutrikun San Joan bezperan [ekainak 23] eta 'Sua' proiektua aurkeztuko du Jose Pablo Arriagak, Garazi Etxaburu dantzariak jarriko dio erritmoa antzezlanari.
Urtero bezala akelarrea egingo dute Mutrikun San Joan bezperan [ekainak 23], Burumendin piztuko duten suaren inguruan. 21:30ean hasiko da kalejira Goiko Plazan, herriko musika banda eta Gure Ametsa Dantza Taldearen eskutik.
Aurten berrikuntza batekin datoz mutrikuarrak: Sua antzezlana. Jose Pablo Arriagaren proiektu honek Garazi Etxaburu dantzari ondarrutarra izango du bidelagun. “Arte sorkuntzaren bidez, suntsipen eta berriz jaiotze zikliko horren azterketa da”. Artistak bere tailerrean “urtebetean metatutako zur-hondarretan” oinarrituta dago eta bizitza modernoaren “aniztasuna eta konplexutasuna” islatzen ditu.
Potentzia handiek aurrera eramandako kolonizazioaren historiarekin paralelismo bat egiten du Sua proiektuak, “mendeetan zehar, nazio boteretsuek beste herrialde batzuetako lurrak okupatu zituzten, beraien formak eta egiturak bertako kulturaren gainean ezarriz. Hala ere, kultura horiek berpizteko eta egokitzeko aparteko gaitasuna erakutsi dute, iraganeko oroimena bizirik mantenduz”. Sua bildumako eskulturek suntsipen eta berriz jaiotze zikloa adierazten dute, “zur errealen errautsek, obra berri bihurtuta, kulturak berpizteko eta egokitzeko duen gaitasuna sinbolizatzen dute, iraganaren eta etorkizunaren arteko elkarrizketa sortuz”, azaldu du artistak.
Beraz, esanahi berezia duen San Joan bezperako gauean, erreko dituzten 4 totemen errautsekin, Jose Pablo Arriagak eskultura berriak sortuko ditu. “Eskultura hauek Sua bilduma osatuko dute, boteretsuek suntsitutako errautsetatik, ahulenak nola berriro ere jaiotzen diren irudikatuz”. Artearen bidez, injustizia salatu eta erresilientzia ospatuko dute.
Madalen auzoa. Mutrikuko Madalen auzoan Akelarre Eguna ospatuko dute. Zapatuan [ekainak 22] Gaueko euskal mitologiako pertsonaia ibiliko da kalez kale, Goiko Plazatik, Xiri gunera arte, eta herritarrek erre nahi dituzten gauza txar guztiak idatziz jasoko ditu. Domekan [ekainak 23] 11:30ean hasiko da egitaraua, Goiko Plazatik Madalen auzora buruhandi eta erraldoien kalejirarekin. 13:00etan Pontx pailazoaren ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute eta 14:30ean auzo bazkarian batuko dira denak. 17:00etan altxorraren bila ibili ondoren, 23:00etan hasiko da akelarrea suaren inguruan.