Musika, dantza eta jai artean txarrak erre eta onak eskatuko dituzte Amallon eta Gorozikan
Zenbait herritako jai nagusiak dira sanjoanak, baina auzoetan ere badago zer ospatu urteko egunik luzeenetan: Ondarroako Gorozika auzoan eta Markina-Xemeingo Amallon.
San Joan eguna ate joka dago, eta eskola, herri eta etxeetan gaitzak erretzeko prestatzen hasiak daude. Sorginak, laztoa, egurra, eukaliptoa… dena dago prest, San Joan bezperan sugarrak piztu eta sutearen inguruan dantzatu, abestu eta saltoka aritzeko. Gertaera txarrak atzean uzteko aukera izateaz gain, konjuruak esanda desioak eskatzeko unea ere bada. Herri batzuentzat, gainera, bizilagunak elkartu eta auzoetako jaiak ospatzeko aitzakia ere bada.
Esan bezala, Amalloko jaiak ere badira sanjoanak, eta aurtengoak bereziak izango dira, egitaraua berrikuntzekin baitator. Amallo I. Zortziko Txiki Txapelketa hartuko dute bihar, maila handiko bertsolariekin: Josune Aramendik, Nerea Ibarzabalek, Onintza Enbeitak eta Unai Iturriagak parte hartuko dute bertso-afarian.
Sanjoanetan murgilduko dira ondarrutarrak domekan, eta herri kirolak izango dituzte ospakizunen erdigunean. Bertso saioaren ostean, Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa aizkolarien eta Hodei Izeta IV eta Inhar Urruzuno harri-jasotzaileen emanaldiek hartuko dute Gorozika. Hori gutxi balitz, Xuhare Urruzunok harrijasotze erakustaldia eskainiko du. Jarraian, umeei iritsiko zaie herri kiroletarako ordua.
Markina-Xemein (Amallo)
Zapatua, ekainak 23
- 10:00 Umeentzako mendi ibilaldia.
- 13:00 Urdax Magunazelaia eta Xuhare Urruzuno harri jasotzaileen erakustaldia.
- 14:30 Herri-bazkaria.
- 17:00 Xixili pailazoaren ikuskizuna, umeentzat.
- Ostean Umeen jolasak, Xixilik gidatuta.
- 18:00 Zaldi-probak: Isidro (Uriarte, Kortezubi), Timber (Irubide, Etxebarria), Adu (Gaztiñei, Markina-Xemein) eta Rambito (Orkonera Ranch, Ortuella).
- 19:00 XXV. Hiru Txirlo Txapelketa: Bolardo saria.
- 21:30 Bertso-afaria, Amalloko I. Zortziko Txiki Txapelketa. Bertsolariak: Josune Aramendi Perez, Nerea Ibarzabal Salegi, Onintza Enbeita Maguregi eta Unai Iturriaga Zugaza-Artaza.
- Ostean Amallo Folk Festival 2024: erromeria Izarra eta Mirari trikitilariekin.
Domeka, ekainak 24
- 17:00 XIX. Mus txapelketa.
- 18:00 33. Briska txapelketa.
- 22:00 San Joan suak eta txapliguak, Lastondoa piroktekniaren eskutik.
Astelehena, ekainak 24
- 07:00 Egur zehetze herrikoia, Sutondoan epel elkartearen eskutik.
- 12:00 Meza.
- Ostean Kopaua eta 600 euroko sarien zozketa.
Ondarroa (Gorozika)
Domeka, ekainak 23
- 12:30 Meza.
- 17:15 DJ Kaktus
- Ondoren Herri kirolak: Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa aizkolariak, Hodei Izeta eta Inhar Urruzuno harri-jasotzaileak eta Xuhare Urruzunoren harrijasotze erakustaldia, Gorozikan.
- Bitartean umeentzako txokolatada.
- Jarraian haurrentzako herri kirolak eta Ibiri poniak.
- Arratsaldean zehar Mirari eta Xuhare trikitilarien emanaldia.
- Gauean Suak eta txapligoak.
Astelehena, ekainak 24
- 12:30 Meza.