San Joan jaiak heltzeko "gogoz eta ilusioz" daude ziortza-bolibartarrak
Ziortza-bolibartarrak jai giro bete-betean sartzeko puntuan daude: gaurtik martitzenera arte San Joan jaiak ospatuko dituzte. Txarra atzean utzi, eta onari etorrera egiteko prest daude herritarrak.
Hala dio urteko egunik luzeenaren eta gaurik motzenaren inguruan euskal esaera zahar batek: San Joan, nekez etorri eta azkar joan. Ekainaren 23an eguzkia ezkutatzen denean sortzen da magia: suaren berotasuna hankapean, txinpartak airean eta herritarrak dantzan. Udako solstizioa ospatzeko, etxea babesten edukitako lore sortak erretzeko… Azken finean, txarra atzean utzi eta onari etorrera egiteko izaten da San Joan bezperako sua. Eta, bada herririk, usadioa luzatu, eta herriko jaiak ospatzen duenik ere.
Ziortza-Bolibarren “gogoz eta ilusioz” daude aurtengo jaiak hasteko: martitzenera arte jai giro bete-betean murgilduko dira herritarrak. Auzolanean herriko elkarte eta talde denekin antolatutako jaiak dituzte aurretik herritarrek: “Heltzeko gogoz gaude. Espero dugu dena ondo irtetea, eta eguraldiak ere laguntzea. Herritar denok auzolanean antolatzen ditugu jaiak”.
Hori horrela, gaur Jon Ander Urresti bermeotarraren Eukalyptus antzezlanarekin emango diete hasiera San Joan jaiei. Geuretik Sortuak bekagaz sortu zuen antzezlana, Aulestin, Amoroton eta Munitibarren egonaldiak eginda.
Urrestiren emanaldiarekin jaiak goi-goitik hasita, gainerakoan, “betiko antzera” antolatu dituzte jaiak, urterokoak funtzionatzen duen eta jendearen gustukoa denaren seinale. Hala, bihar egingo duten herri bazkariak 160 herritar inguru elkartuko ditu. Bazkalostean, berriz, herri olinpiadak egingo dituzte: “Urte batean egin genituen, eta ondo irten ziren. Taldeka egiten dira, adin desberdinetakoekin: umeek, gazteek, helduek, jubilatuek… denek parte hartzen dute”. Gauean, gainera, ez dute gelditzeko astirik edukiko: “Aurten kontzertu indartsuagoa ekarri nahi izan dugu, eta horregatik, Oxabi dator”.
Zapatuak jende asko elkartuko badu ere, zalantzarik barik, domeka izango da egun izarretako bat. Iluntzean emango diote hasiera Sorgin Gauari: “Txalapartarekin hasiko da. Sorginen eta pertsonaia mitologikoen etorrera antzeztuko dugu”. Gutxi gorabehera 50 herritar inguru elkartu dira antzezlana egiteko, ume nahiz heldu. Jarraian, mokadutxoa egingo dute, Idoia eta Roberto trikitilariekin. 22:00etan, berriz, sua egingo dute, eta ez edonolakoa: “Sua kanposantu inguruan egongo da, eta handik, plazara joango gara, txistulariekin. Bertan, sorginek prestatutako edabea edateko aukera egongo da”.
Herri kirolak, nahi beste. Sorgin Gaueko sua domekan amaituko duten arren, ohitura zaharrak ez dira amaituko. Domekan sobreen erakusketa egingo dute elizpean. “Erramu moduko bat egiten zuten herritarrek, eta elizan bedeinkatu ostean, etxean ipintzen zuten. Hurrengo urteko San Joan suan, berriz, erre egiten zuten. Lehen txapelketa egiten zen, baina guk erakusketa egitea erabaki dugu”, azaldu dute antolatzaileek.
Arratsaldean, berriz, “jende asko joatea” espero dute antolatzaileek. Izan ere, herri kirolariek hartuko dute protagonismoa, eta ez nolanahikoek, gainera: harri jasotze erakustaldia eskainiko dute Karmele Gisasolak eta Inhar Urruzunok; lehenengo mailako aizkora kanporaketa jokatuko dute Aitzol Atutxak eta Aritz Irazabalek, eta Bizkaia Open Torneoa Giza Proba jokatuko dute Aitor de la Concepcionek eta Eneko Bilbaok.
Jaiekin goi-goitik amaitzeko, San Joan Txiki eguna ospatuko dute. 12:30eko mezaren ostean, herriko Zeargoi dantza taldeak emanaldia eskainiko du: “Bigarren urtez egingo dute. Hamabost ume daude taldean, Zerutxukoekin entseatzen dute, eta eurek herrian emanaldia egiten dute”. Arratsaldean, berriz, briska txapelketa egongo da, Kanpape jubilatuen elkartearen eskutik, eta umeek zirku tailerra egin ahalko dute.