Sanantolinetarako kartelik onenaren bila
Kartel lehiaketa ipini dute martxan Lekeitioko Udalak eta Jai Batzordeak. Lanak entregatzeko epea uztailaren 14an amaituko da.
Iraila heltzeagaz batera helduko dira Lekeitioko San Antolin jaiak ere, eta Lekeitioko Udalak eta Jai Batzordeak elkarlanean kartel lehiaketa ipini dute martxan. Hala, lanak uztailaren 14ko 21:00etarako entregatu beharko dira, gehienez ere. Sari bakarra banatuko dute: lanik onenak 500 euro irabaziko ditu.
Teknika libreagaz, Lekeitioko jaiei lotutako berezitasunen bat agertu beharko dela azaldu dute — epaimahaiak baztertu egingo ditu jaiekin zerikusirik ez duten kartelak —, eta baita hurrengo testua ere: “San Antolinak 2024. Lekitto”. Lanek testu gehiago badute, denak ere euskaraz izan beharko dira. Era berean, ez dituzte onartuko adimen artifizialagaz egindako lanak.
Lan irabazlea uztailaren amaieran jakinaraziko dute, udalaren sareetan, Kultur Etxeko iragarkien taulan nahiz komunikabideetan. Hala ere, Jai Batzordeak saririk ez ematea erabaki dezake, aurkeztutako kartelek behar besteko mailarik ez dutela uste badute. Lanen aukeraketa, berriz, Jai Batzordeak egingo du; aurretik, Emakumea eta Berdintasun zerbitzuak ikusiko ditu lan guztiak, eta genero ikuspegia errespetatzen ez duten lanak baztertuko dituzte.
Lanak aurkezteko bidea. Egile bakoitzak nahi beste lan aurkeztu ditzakeen arren, kartel bakoitzak bere lelo edo esaera propioa eduki beharko du. Lelo edo esaldiaz gain, egilearen hurrengo datuak ere bidali beharko dira kulturetxea@lekeitio.eus helbidera: izen-abizenak, helbidea eta telefono zenbakia. Hala, lan guztiak euskarri digitalean aurkeztu beharko dira, PDF edo JPG formatuan. Lanek 21 zentimetroko zabalera eta hogei zentimetroko altuera izan beharko dute, eta, gutxienez, 300 ppp-ko bereizmena.
Informazio gehiago eta oinarri guztiak udalaren web orrian argitaratu dituzte.