Helmugak Erronka “herri baten erronka” bihurtu da
Ander Txakartegik argi du Berriatuko herriaren erantzuna ikusita, bi urte barru errepikatu nahi duela.
600 kilometro hiru etapetan. Hiru eguneko jai giroa Berriatuan. Hamaika ekintza. Dena haurren gaixotasun desberdinen alde. Hori da Helmugak erronka. Eta beste urte batez erabateko arrakasta izan da. Erantzuna “zoragarria eta itzela” izan dela nabarmendu du Ander Txakartegi antolatzaileak. Denek ala denek, parte hartzaileek, antolatzaileek edota herritarrek, ezin hobeto pasatu dutela. “Gozatu eta gozarazi” dute. Esker mezuak pilatuta ditu mugikorrean eta batek baino gehiagok hurrengokoan ere abisatzeko esan dio eta guzti. “Guztiak harrituta geratu dira herriaren erantzunagaz”.
Hain zuzen ere, Txakartegik azpimarratu du Helmugak Erronka dagoeneko beste jauzi bat egin duela: “Herri baten erronkan bihurtu da”. Adin guztietako berrituarrek parte hartu dute, txikienetik nagusienera arte, baita herriko elkarte eta eragile desberdinek ere. “Gazteenak umeei aurpegiak margotzen aritu dira, jubilatuek txokolatea prestatu zuten, kuadrila batek paella solidario erraldoia… herritar guztien arteko elkarlana izan da, haiek barik ezingo genuke ezer egin eta oso eskertuta gaude”.
Era berean, parte hartu duten bestelako taldeek ere prest agertu dira errepikatzeko. Asteburuko momenturik berezienetako bat barikuko [ekainak 21] irteera izan zen, eta ez bakarrik erronkako eta ibilbideko abiapuntua zelako. Eskolako jaialdia zen eta ume asko eta asko joan ziren. Gainera, Lekittoko Deabruen su ikuskizunak “are eta bereziago” bilakatu zuen irteera.
“herritar guztien arteko elkarlana izan da, haiek barik ezingo genuke ezer egin eta oso eskertuta gaude”
Atzo [ekainak 23] ere egun handia izan zen egun osoko jaiagaz eta San Joan suaren inguruan amaituta. “Oso pozik eta batez ere harro gaude sortu zen giro bikainagatik”. Horrez gain, ez da ahaztu behar erronka solidarioa dela, baina alde horretatik ere, “oso pozik” agertu dira. Eta batez ere harro “berriatuarrek emandako erantzunagaz”. 200 paella plater saldu zituzten, zeuden guztiak, eta Aspanovas, Aspanogi, Bihotzez eta Arnasa elkarteek ere merchandising guztia agortu zuten. Txosnan ere mugimendu asko izan zuten. Horrenbestez, erabateko balorazioaren aurretik “zoragarria” joan zen diru bilketa ere. Crowfoundinga ere oraindik zabalik dute eta dagoeneko 3.500 euro baino gehiago bildu dituzte.
Erronka handiagoa. Horrez gain, ibilbidea bera gogorra bazen, 600 kilometro hiru etapetan eta guztira 11.000 metroko desnibel positiboa, eguraldia are eta gogorragoa egin du, “hezetasunarengatik” batez ere. “Hotza pasatu dugu denbora asko egin digulako euria eta azkenean arropaz asko aldatu behar izan gara euriagaz eta izerdiagaz hotz ez geratzeko”. Horrela dago Txakartegi: “hilda”. Horregatik ere ibilbidean izandako laguntza eta elkartasun guztiak “preziorik ez duela” nabarmendu du. Azken batean laguntzaile sare egonkor barik ez dagoelako erronkarik.
Horrelako arrakastek ere arazo bat izaten dute, zaila dela urtero marka berdintzea bakarrik ez gainditzea ere noizbait ezinezko bilakatu arte. Hori bai, Txakartegik argi du Berriatuko herriaren erantzuna ikusita, bi urte barru errepikatu nahi duela. Gainera, “zerbait berezia” antolatu nahi du Helmugak Erronkak Bizipoza elkarteagaz batera.