‘Plaza hau gurea da’ antzezlana aurkeztuko dute Lekeition
Euskal Herriko Mugimendu Sozialistari lotutako EKIDA arte konpainiak sortutako antzezlana da.
Hiru gazte langabe dira Plaza hau gurea da antzezlaneko protagonistak. Lekeition eguenean [ekainak 27] aurkeztuko dute, 18:30ean, Isuntzako parkinean. Euskal Herriko Mugimendu Sozialistari lotutako EKIDA arte konpainiak sortutako antzezlana da. Izenburuko metaforaren inguruan sortu dute, eta hiru aktore, egurrezko lau kaxa, umorea, musika eta galderak ditu osagai.
Bizitzea egokitu zaigun garaiari buruzko galderak plazaratu nahi ditu antzezlanak, baina ez galderak egite hutsagatik, baizik eta galdera horiei erantzunak bilatzeko asmoz. “Haien plazan eseri dira, egunero bezala, denbora nola edo hala pasatzera, baina laster jabetuko dela plaza hori ez dela uste zuten bezain haiena. Baina norena da? Nola izan daiteke haiena? Zein da bertan nahi dutena egiteko jarraitu beharreko bidea? Haien asmoak lortzeko bidean, baina, gizarte honetako hainbat figurarekin egingo dute topo, eskatzen ari direna eskatzeak zentzurik ez duela konturatzeke, ezinezkoa dela konturatzeke”.
EKIDA 2021eko maiatzean sortu zen eta Plaza hau gurea da beraien bigarren antzezlana da. Konpainiaren helburua hainbat diziplinatako gaitasun artistikoak antolatzea eta politika sozialistari lotzea du helburu. Borondate iraultzaileko artistak elkartu eta indar bateratu gisa, artista kolektibo gisa, jarduteko espazioa da, arte sozialistaren ekoizpenerako bitartekoak eta lan artistikoa antolatzeko espazioa.
“Artearen merkantilizazio basatiko eta despolitizazioko garaiotan, EKIDAk artearen potentzia iraultzailea berraktibazioaren eta sarbide unibertsal eta doakoaren defentsa egiten du, eta horretarako egiten du lan. Borrokarako tresna indartsua da artea proletalgo iraultzailearentzat, kapitalismoa erreproduzitzeko bide izatetik politika iraultza sozialistaren erreminta izatera igarotzen bada”.