Kolorez jantziko ditu Ondarroako kaleak 25. Zapato Azulak
205 lagun batuko dira Dinamartxan, 55 lagunek egingo dute oinez mendiz mendi eta 150 lagunek bizikletan. Eraso matxisten kontrako arreta zerbitzua egongo da martxan.
Ondarroako herria koloreztatzera dator aurten ere Radixu Irratiak antolatutako Zapato Azule, egun berezia da herritarrentzat eta egutegian biribildutako eguna beste askorentzat. Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako jendea batzen da biharko ospakizunean.
25. Zapato Azule da aurtengoa, eta urtero legez, egitarau oparoa antolatu dute. 11:00etarako hasiko da jai-giroa Ondarroan, Radixu Irratiaren kaleko zuzeneko emisioagaz (105.5 FM edo radixu.info) eta bertatik emango dituzte eguneko xehetasunak.
Ordu berean irekiko dute Euskal Herriko Kamiseta Azoka Latxanbre plazan. Guztira 16 postu egongo dira eta herriko taldeez gain, Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritakoak ere bertan izango dira. Ondarroako taldeei dagokienez, Radixu Irratia, Yaalah Elkartea, Ondarruko Arraun Taldea, TU-K musika taldea, Txirrimorraski eta Aurrera Txirrindu Taldea egongo dira azokan. Mutriku Sokatira Taldea, Arnasa-bixi Elkartea, Tailerra Tatto, Euskal Herrian Euskaraz, Gure Esku, Euskaralogikoada, Xipiroi, CY Jantziak, Artea Soinean eta #freepablogonzalez postuak ere bertan egongo dira, Euskal Herriko toki desberdinetatik etorrita. Horrez gain, momentu berdinean Artisau Azoka egongo da Kanttoipe Errebueltan.
12:00etan emango diote Zapato Azulari hasiera ofiziala Alde Zaharreko Alai tabernako balkoitik, txosnaren irekieragaz batera, txistulariek herriko kaleak musikagaz girotzen dituzten bitartean. 12:30ean kontzertu sorpresa egongo da Kalekutzeko eskaileretan. “Falta direnak gogoan hartuta” Kalekutzeko eskaileretan batuko dira herritarrak 13:30ean, ondoren, Kresalako musika banda eta Artelango erraldoiak hartuko dute Alde Zaharra.
Momentu hunkigarria izaten da urtero herritarrentzat Dina Bilbao Barruetabeñaren omenez egiten den Dinamartxaren etorrera eta aurten ere, irrintziz beteta egingo diote harrera Tolosatik Ondarroara mendiz mendi zein bizikletan datozenei. 205 lagunek parte hartuko dute ibilbidean, 55 lagunek osatuko dute oinez mendiz mendiko ibilbidea eta 150 lagunek bizikletaz egingo dute martxa.
Dinamartxari harrera egin ondoren, Radixu Irratiaren pregoiarekin jakinaraziko da aurtengo omendua. 14:45ean egingo da Euskal Herriko eta Ondarroako kamiseta onenen eta erakusleiho onenaren sari banaketa eta 15:00etan azokari itxiera eman ostean, Txo! Antzerki Kolektiboak omenduei eskainitako antzerkia egongo da Kalekutzean.
Eraso matxistak artatzeko zerbitzua egongo da, Etxelilan aurre-aurreko zerbitzua eskaintzeaz gain, telefono bidezkoa ere bai: 688 772 772.
Udalaren plana. Zapato Azulak hartu duen dimentsioa ikusita eta helburu zehatzak betetze aldera, Ondarroako Udalak ildo desberdinak barnebiltzen dituen plana diseinatu du «ahal bezain arinen» lehengoratzeko helburuagaz: garbitasuna eta hondakinen kudeaketa, segurtasuna, eraso matxisten kontrako protokoloa, komun publikoak, aparkalekuak, garraioari eta azpiegitura. Jai-girora datozenei «arduraz» jokatzeko deia egin die.
Erasoen kontra. Eraso matxisten kontrako protokoloaren baitan, etengabeko arreta zerbitzua jarriko du martxan Ondarroako Udalak, 18:00etatik biharamuneko 08:00etara. Eraso matxistak artatzeko zerbitzua izango da, eta Etxelilan aurre-aurreko zerbitzua eskaintzeaz gain, telefono bidezkoa ere egongo da, hurrengo telefonora deituta: 688 772 772.
Erasoren bat jasan edo ikusiz gero, deitzeko abisua eman dute. Horrez gain, Berdintasun sailak herriko eragile eta tabernekin protokoloaren lanketa eta prebentzioan sakontzeko bilerak egin ditu. Honakoak izan dira parte hartzaileak: Arrantzale, Alai, Anaitasuna, Idoia, Txanpa, Kabia, Sirimiri, Apallu, Sutargi, Sokoa, Danak Etxea, Ernai, Zubi Zahar Herri Ikastola, Radixu Irratia eta Mugimendu Sozialista.
Guneak. Gune desberdinak egongo dira aurten ere, eta musika protagonista izanik, eskaintza zabala egongo da. Ernai izango da Musika Plaza eta herriko frontoiaren antolakuntzagaz arduratuko dena eta Kafeko Atzean, Zubi Zahar Herri Ikastolaren gunea egongo da. Alde Zaharreko txosnaren ardura Danak Etxea! taldeak hartuko du aurten ere eta Arrigorriko Plazan, Salitre Gune Elektronikoa egongo da. Bosgarren gunea Itsasaurren jarriko du Mugimendu Sozialistak.