Zapato Azulerako plana aurkeztu du Ondarroako Udalak
Ondarroako Udalak baliabide gehiago bideratuko ditu, "helburu zehatzak betetzeko". Eraso matxisten kontrako protokoloaz gain, arreta zerbitzua egongo da martxan Zapato Azulean.
Zapatuan Ondarroan ospatuko den Zapato Azulerako adar desberdinak barnebiltzen dituen plana osatu du Ondarroako Udalak, herria “ahal bezain arinen” lehengoratzeko helburuagaz. Besteak beste, garbitasuna eta hondakinen kudeaketari, segurtasunari, eraso matxisten kontrako protokoloari, komunei, aparkalekuei, garraioari eta azpiegiturei dagozkien xehetasunak bildu dituzte.
“Urteetako esperientziatik ikasita, eta herrian sortzen diren beharrizanak ikusita, udalak egun horretara bideratutako inbertsioa eta denbora handitu eta baliabide gehiago ipiniko ditu erabilgarri, helburu zehatzak betetze aldera”, zehaztu dute udaletik. Besteren artean, hondakin gutxiago sortzea, birziklapen tasa handitzea, kaleak garbiago egotea, garraio publikoa sustatzea eta eraso matxistarik ez gertatzea eta gertatzekotan protokoloa prest izatea dira helburuak.
Garbitasunari dagokionez, udaleko lantaldeak errefortzuekin lan egingo duela eta dituen baliabide guztiak erabiliko dituela aipatu dute, “garbitasuna izan ohi da herritarren kezka handiena jai hau igarotzen denean, eta kaleak ahalik eta arinen garbi uztea da helburua, jakinda ezinezkoa dela lehen egunean dena lehengoratzea”.
Herritarrei ere “garbi jokatzeko” deia egin diete udal ordezkariek: “Edukiontzi gehiago ipiniko ditugu Lea-Artibai Mankomunitatearekin batera; dauden puntuak indartuko dira, eta gehiago ipini ere bai. Helburua da herritarrek, tabernek eta txosnek edukiontziak gertu izatea eta kaleetan ahalik eta hondakin gutxien agertzea”. Hain zuzen ere, ahalik eta hondakin gutxien sortzeko eta sortutakoa “egoki” birziklatzeko, lanketa egin dute txosnekin eta, urtero bezala, Radixu Irratiak edalontzi berrerabilgarriak banatuko ditu.
Komun publiko gehiago jarriko direla adierazi, eta orain arteko kopurua hirukoiztu egingo dute aurten, “komun gehiago, gertuago eta eskura” edukitzeko. Komun horiek mugikortasun murriztua dutenentzako prestatuta egongo direla azaldu dute, eta, beraz, denek komunak erabiltzeko aukera izateko, errespetuz jokatzea eskatu dute.
“Ondarroara datozen bisitariei garraio publikoa erabiltzeko eskatzen diegu udaletik”, azpimarratu dute eta autobus pribatuak Zaldupe udal futbol zelaiaren ingurura bideratuko dituztela gehitu dute, bai uzteko, bai jasotzeko.
Eraso matxistak. Eraso matxisten protokoloaz gain, arreta zerbitzua emango du udalak Zapato Azulean, 18:00etatik biharamuneko 08:00etara: «Arreta zerbitzua eraso matxistak jasan dituztenak artatzeko izango da. Aurrez aurreko zerbitzua egongo da Etxelilan edo telefono bidez: 688 77 27 72. Eraso matxistaren bat jasan edo ikusiz gero, deitzeko eskatzen dugu». Berdintasun sailak herriko eragile eta tabernekin protokoloaren lanketa eta prebentzioan sakontzeko bilerak egin ditu. Honakoak izan dira parte hartzaileak: Arrantzale, Alai, Anaitasuna, Idoia, Txanpa, Kabia, Sirimiri, Apallu, Sutargi, Sokoa, Danak Etxea, Ernai, Zubi Zahar, Radixu eta Mugimendu Sozialista.