Ospakizunik koloretsuenen txanda
Gaur [ekainak 28] eta domeka [ekainak 30] bitartean ospatuko dituzte San Pedro jaiak Munitibarren, ohitura eta berritasunak uztartzen dituen jai egitarauagaz.
Badira paregabe funtzionatzen duten formulak. Aldaketarik eskatzen ez dutenak. Bere horretan bidea egiten dutenak. Munitibartarrek San Pedro jaietarako daukatena herrigintzan eta auzolanean oinarrituta dago. Herriko eragileetako partaideek, hau da, herritarrek eurek osatzen dute Jai Batzordea eta, horrenbestez, herritar guztiei zuzendutako ospakizun egitaraua ontzen dute.
Aurten ere, azken urteetan bezala, hiru eguneko egitarau oparoa prestatu dute, adin, gustu edota profil denetako munitibartarrak asebetetzeko. Zerbait izatekotan, ospakizun koloretsuak dira ekain amaierakoak. Izan ere, duela lau urtetik herritarrak mozorrotu egiten dira. Jaien azken lau aldietan proposatutako gaiak Zirkua, Piratak, Pertsonaia mitologikoak eta Hawaii izan baldin badira, aurtengoa ere ez da gutxiago izango: 70eko hamarkada. Mozorrotzeak “beste xarma bat” eman die jaiei, azaldu dutenaren arabera: “Pandemia sasoitik datorren ohitura da, baina, dagoeneko, herriko jaietan oso errotuta dago; kolore eta dibertsio puntutxoa ematen die jaiei”.
Gaur [ekainak 28] abiatuko dituzte jaiak: 19:00etan, pregoiaren irakurketa eta txupinazoa egingo dituzte, plazan. Jarraian, 19:15 aldera, play-back lehiaketaz eta kopauaz gozatu ahalko dela argitu dute antolatzaileek: “Musika eta jan-edana egongo dira, herritarren bilgunerako”.
Berritasun nagusia.
Jan-edana urtero egitarauan egon bada, play-back lehiaketaren lehendabiziko aldia izango da aurtengoa. Iazko Gerrikaizko jaietan egin zuten lehiaketa eta, bertan edukitako harrera aparta kontuan izanda, Jai Batzordeko kideek sanpedroetako ospakizun egitarauan sartzea erabaki dute.
Play-back lehiaketan hiru sari egongo dira: sari nagusia, emanaldirik originalenarena eta nagusien saria
Antolakuntzatik aurreratu dute, batetik, euskarazko abestiak baloratuko dituztela eta, bestetik, ez dutela inongo abesti sexista, arrazista, homofobo eta iraingarririk onartuko. Sariei dagokienez, hiru izango dira: sari nagusia, originalenarena eta nagusien saria. Lehenengoa eta bigarrena Mendexa Abentura Park-erako 70 euroko bonua izango dira; hirugarrena, aldiz, herriko tabernetan gastatzeko beste horrenbesteko bonua. Herritarrak oraindik sasoiz daude gaurko lehiaketarako izena emateko; horretarako, kultura@munitibar.org posta elektronikora mezua idatzi beharko dute, eta bertan taldearen izena eta parte hartzaile kopurua zehaztu, play-back saioa egiteko baliatuko duten abestia MP3 formatuan aurkezteaz gain.
200 herritr inguru daude biharko herri bazkarirako izena emanda
Bihar [ekainak 29], San Pedro egunez, iritsiko da jaietako jardunaldi nagusia. Herritarrek kolorez, alaitasunez eta mozorroz jantziko dute Munitibar. Goizez, umeentzako puzgarriak eta jolasak egongo dira. Poteo sasoiaren ondoren, herri bazkaria egingo dute plazan; “jaietako une gorenetako bat” dela adierazi dute. Aurten, momentuz, 200 herritar inguru daude izena emanda. Jai Batzordeak aurreratuak ditu herri bazkaritan aintzat hartu beharreko arau eta gomendio guztiak, eta “horiek betetzeko” deialdia egin diete munitibartarrei.
Indarrak hartu ondoren, gorputza mugitzeko unea ailegatuko da eta, hain zuzen, Orkresta elektrotuna arduratuko da horretaz. Plaza musikatuko eta girotuko dute lehenik, eta udalerriko gainontzeko txoko eta bazterretan joko dute ostean. Musikak, gainera, ez du etenik izango gauean: Jotake erromeria plaza hankaz gora jartzeaz arduratuko da, 21:30etik aurrera.
Ezkur talde sortuberriak adinekoen herri bazkaria atondu du, eta aurrerantzean “ekintzak antolatzen segitzeko asmoa” dute
Adinekoen plaza ere bai.
Domeka [ekainak 30] izango da San Pedro jaietako azkenengo eguna, baina ospakizunaren kotak ez du inondik inora behera egingo. Izan ere, 13:00etan elkartuko dira herritarrak, pintxo janerako. Ondoren, adinekoen herri bazkaria egingo dute estreinakoz. Munitibarko adineko herritarrek, hain zuzen ere, Ezkur izeneko taldea sortu dute, eta auzolanean antolatu dute jaietako bazkaria. Gainera, udaletik aurreratu dute “egitasmo zaharrak berreskuratzeko eta berriak antolatzeko” aurreikuspenekin dagoela aipatutako taldea: “Herriko jubilatuek egin ohi zituzten jardueretako zenbait, denboraren poderioz, galtzen joan dira; talde honen asmoa horiek denak berreskuratzen joatea da, eta jarduera berriak sortzea ere bai”.
San Pedro txapelketaren finalak jokatuko dituzte domekan
17:00etan, ostera, herriko pilotalekua bihurtu da jaien epizentro. San Pedro txapelketako finalak jokatuko dituzte bertan, Lea Ibarra-Motrollo Pilota Elkartekoekin batera. Kimu, ume, neska, kadete eta nagusi kategoriak egongo direla iragarri dute. Azken maila horretan, Albizuk eta Izagirrek osatutako bikoteak Bikaindik eta Muruagak osatutakoaren aurka neurtuko ditu indarrak. Argitu dute txapelketa horrek jomuga nagusi bi edukiko dituela: “Pilota elkarteak urte osoan zehar han eta hemen egiten duen lana aintzatesteko eta balioan ipintzeko agertokia izan ohi da, harrobiari eta gaztetxoenei begira, oso garrantzitsua. Gainera, herritarrek goi mailako esku pilotaz gozatzeko aukera egokia ere bada”.
EGITARAUA
Gaur
- 19:00. Pregoioa eta txupinazoa, San Pedro jaiei hasiera ofiziala emateko.
- 19:15. Play-back lehiaketa, herriko plazan.
- Ostean. Herritarrentzako kopaua, Ateun-en eskutik.
Bihar, San Pedro eguna
- 12:00. Umeentzako puzgarriak eta jolasak, pilotalekuan.
- 14:30. Talde bazkari herrikoia, herriko plazan.
- 18:00. Orkresta elektrotunaren emanaldia, herriko plazatik abiatuta.
- 21:30. Jotake erromeriaren kontzertua, herriko plazan.
Etzi, domeka
- 13:00. Herritarrentzako pintxo janaldia, herriko plazan.
- 14:00. Adineko herritarren talde bazkaria, herriko plazan.
- 17:00. Esku pilota partiduak, pilotalekuan.