Betiko osagaiek ez dute hutsik egin Zapato Azulean
Jai giroa nagusi da Ondarroan. Aurtengo Zapato Azulek Josune Laka Artetxe artistaren isileko lana aitortu du. Bestalde, Mutrikuko Tallerra Tattook irabazi du Euskal Herriko Kamiseta Azokako saria, eta Ondarroakoa, berriz, Yaalah elkartearentzat izan da.
Zapatu bereziena. Jaia. Radixu Irratia. 105.5 FM. Kuadrilla. Dinamartxa. Azule. Barre algarak. Bolandera. Irrintziak. Kamiseta azoka. Parranda. Giro itzela. Berba askok adierazten dute zer den Zapato Azule. Ondarrutarren urteko egun kuttunenetakoa da, zalantza barik, eta aurten ere, ederra izaten ari da.
Eguraldiak baldintzatu ditzake jai egunak, baina jarrera da garrantzitsuena, eta irribarre batekin esnatu da Zapato Azule. Ondarrutarrek esaten duten moduan, “Aurrera beti!”.
Eguerdirako jendez bete da herrigunea; bertoko eta kanpoko kuadrillek hartu dute Ondarroa. Kamiseta zein artisau azokak eskaintzaz lepo, eta kale bustiak jendez lepo. Goizeko lehenengo orduetan euriak etenik eduki ez badu ere, eguerdi parterako atertu du.
Hain zuzen ere, eguerdirako ezustekoren bat iragarri zuten, eta horrela izan da. Duplaren kontzertuaz gozatu dute 12:30etik aurrera, Berdura plazan zeudenek. Dantzan ipini dituzte ume, gazte zein nagusi.
14:10 aldera heldu dira Dinamartxakoak. 200 bat parte hartzaile izan ditu aurten. Bizikletan edo oinez egin dute Tolosa eta Ondarroa arteko bidea. Gogorra, baina merezi duena. Berezia. Esperientzia ahaztezina. Nekea arindu die txalo artean, goxo hartu dituen jendetzak. Irribarretsu egin dituzte azken pedalkadak eta pausoak.
Ondoren, Josune Laka Artetxe artista omendu dute, “isilean egindako behar guztiagatik, herria eta herritar hobeak egiten laguntzeagatik eta berdintasunaren alde egindako lan guztiagatik”. Urtero modura, Txo! Antzerki Kolektiboak esketxa eskaini dio.
Jarraian, Euskal Herriko Kamiseta Azokaren sariak banatu dituzte. Euriaren eraginez, azoka lekualdatu behar izan dute, eta Berdura Plazan egon dira hamasei talde edota eragileak euren kamisetak saltzen. Tallerra Tattoo Mutrikuk jaso du Euskal Herriko kamiseta onenaren saria. Ondarroakoa, berriz, Yaalah Elkartearentzat izan da. Halaber, erakusleiho onenaren saria Lorak Estherrek eroan du.
Pregoian ohiko mezuekin batera, hamaika aldarrikapen entzun dira, tartean, palestinarren, Pablo Gonzalezen eta etorkinen eskubideen aldekoak. Radixu Irratiaren ahotsa Nekane Akarregi izaten da Alaiko balkoian, eta berak irakurtzen du pregoia. Aurten, baina, bere azken aldia izango dela iragarri du.
Protokoloa. Egun eta gau luzea izango da gaurkoa, eta Radixu Irratiko antolatzaileek zein herriko eragile eta udal ordezkariek azpimarratu bezala, ez da inolako erasorik onartu. Hala, Berdintasun sailak herriko eragile eta tabernekin elkarlanean landu du erasoen kontrako protokoloa, eta eraso matxistak artatzeko etengabeko arreta zerbitzua bermatu dute, 18:00etatik 08:00etara bitartean. Etxelilan aurrez aurreko zerbitzua emango dute, eta telefono bidezkoa ere eskainiko dute, 688 77 27 72 telefono zenbakian.
Goizetik goizaldera arteko eskaintza dauka Zapato Azulek. Itsasaurre, Arrigorriko Plaza, Alde Zaharra, Kafeko Atzea eta Musika Plaza. Bost gune eta hamaika aukera. Esaterako, 17:00etik aurrera, Altxa Porru erromeria izango da Itsasaurren, eta Txirrimorraskikoen eskutik, umeen jolasak ere ez dira faltako, 18:00etan hasita, Kafeko Atzean. Denentzako eskaintzak egon badaude, Zapato Azule denena delako.
Arratsaldeko eta gaueko egitaraua:
- 17:00. Altxa Porru, Itsasaurren.
- 18:00. Umeen jolasak Txirrimorraskigaz, Kafeko Atzean.
- 18:00-02:00. Salitre Gune Elektronikoa, Arrigorriko Plazan.
- 18:30etik aurrera, Zumba Herrikoia, Orrues, Lizartxo eta Lumatzak, Musika Plazan.
- 19:00. Ttek elektrotxaranga, Alde Zaharrean.
- 19:30etik aurrera. Matxing, Pary & Tiza, DJ Malandro eta Fifi ta Fefa, Frontoian.
- 20:00. Euskal Dantzak, Kafeko Atzean.
- 21:00. DJ Tintz, Itsasaurren.
- 21:00. Musutruk Erromeria, Kafeko Atzean.
- Ondoren, DJ Bull.Â
- 00:00. DJ Mondongo, Itsasaurren.
- Ondoren, DJ Rapali.