Aho batez onartu da Ondarroako Osasun Etxearen egoerari buruzko mozioa
Zatozte Ondarroako Dendari Elkarteak eta herritarrek herriko Osasun Etxearen inguruko mozioa aurkeztu zuten udaletxean. Horrez gain, 3.755 sinadura batu dituzte.
Ekainaren 13an aurkeztu zuten Ondarroako Osasun Etxearen inguruko mozioa Zatozte Ondarroako dendari eta Ostalari Elkarteak eta herritarrek, pasa den egueneko [ekainak 27] Ondarroako Udaleko osoko bilkuran aho betez onartu zen eskatutakoa.
2024ko maiatzaren 14an batu zen lehen aldiz Zatozteko bazkide talde bat, gaur egun Ondarroako Osasun Etxeko egoeraren inguruan zerbait egiteko asmoagaz, “bilera horretan herrian sinadura bilketa bat egitea pentsatu genuen, Osasun Sailari eskaera batzuk egiteko. Ondorengoak izan ziren egin genituen eskaerak: Mediku zerbitzua mantentzea, gutxienez 6 plaza, pediatria zerbitzua bermatzea, gutxienez plaza bat eta herrian ginekologia zerbitzua eta errehabilitazio zerbitzua berreskuratzea”. Arazoaren “larritasuna” ikusita, herriko txoko desberdinetan jarri zuten sinadurak biltzeko aukera eta guztira 3.755 sinadura bildu zituzten.
Ekainaren 27an [eguena] Ondarroako Udalaren osoko bilkurara hurbildu ziren eta beraien “eskariarekin bat egin” eta zerbitzuaren ardura daukan Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari Ondarroako Osasun Etxean egon beharreko zerbitzuak eskatzeko eskatu zioten bi udal taldeei. “Hau guztia kontuan hartuta, Zatoztek eta herritarrok, gure sinadura bilketa babestu eta herritarron kezka eta eskaera hauek Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailera helaraztea eskatzen diegu Ondarroako Udalari eta bi udal taldeei”.