Euskararen erabilera sustatzeko proposamen linguistikoa aurkeztuko dute Aulestin
Naziogintza Taldearen eskutik Euskararen erabilera sustatzeko proposamen linguistikoaren inguruko hitzaldia egongo da Aulestin uztailaren 5ean [barikua], 18:00etan Aulestiko Udal Areto Nagusian.
Barikuan [uztailak 5] Euskararen erabilera sustatzeko proposamen linguistikoari buruzko hitzaldia egongo da Aulestiko Udal Areto Nagusian, 18:00etan, Naziogintza taldeak antolatutako hitzordu honetan Josu Albero izango da hizlaria. Euskara eta euskal kultura erdigunean jartzen dituen independentziaren aldeko elkartea da Naziogintza taldea, unibertsoa euskaratik eta euskaraz ikusi nahi dute: “Euskara da gure nazioaren zutabea. Horrenbestez, koherenteak gara eta euskarari merezi duen garrantzia ematen diogu. Euskal Herria da gure nazioa”.
Ikuspegi abertzaletik “Euskal Herriko kultura eta jarduera politikoan dagoen hutsune ideologikoa betetzeko helburuagaz” sortu zuten elkartea eta oraingoan, euskararen erabilera sustatzeko proposamen linguistiko batekin datoz. Proposamen honek beste herrialde batzuetako ereduak hartzen ditu kontuan, Euskal Herrian bertan aplikatu ahal izateko, esaterako, Belgika bezalako herrialdeen ereduak kontuan hartu eta hortik sortu dute proposamena, helburua, gaur egun Euskal Herriko administrazio publikoetan dagoen elebitasunetik jauzia egin eta legalki hizkuntza ofiziala euskara izatea da. Oinarri akademiko eta soziolinguistiko batetik egin dute proposamena. Nahiz eta gaur egun administrazio batzuk euskaraz funtzionatzen duten, guzti hau legalki jasotzea da beraien helburua.
Lea-Artibai eskualdea euskararen arnasgune bezala identifikatuta dagoenez, bertara hurbildu nahi izan dute Naziogintza Taldeko kideek. Euskararen aurkako oldarraldiaren aurrean, pauso bat eman nahi dute, eta euskararen erabilera handitzeko lege aldetik ere babes batzuk formulatzeko beharrezkotasuna azpimarratu dute.