Lea-Artibai Mankomunitateak irudi berria dauka
Euren esentzia mantenduta, irudi berriagaz pertsonen eta ingurumenaren zaintzagaz duten konpromisoa islatu nahi izan dute. Bestalde, Facebook eta Telegram kanalak ere sortu dituzte.
Lea-Artibaiko Amankomunazgoak, gaur egungo erronkei aurre egiteko asmoz, irudi berria estreinatu du. Leire Markuerkiaga Amankomunazgoko presidenteak azaldu du euren irudiaren bereizgarriak diren kolore urdin eta berdea mantendu dituztela, baina “ukitu berritzailearen aldeko” apustua eginda. Hala, “esentzia galdu barik”, Lea-Artibairen siglak diren “L” eta “A” letrak mantendu dituzte: “Pertsona eta ingurumenaren zaintza transmititu nahian, letrok besarkada irudikatzen dute logotipo berrian”.
Izan ere, Amankomunazgoak bere sorreratik eduki dituzte erdigunean pertsonak eta ingurumenaren zaintza. Balore horiek erdigunean jarraituko duten arren, sorreratik aldatu dituzten estatutuak eguneratzen ari dira Amankomunazgoko kideak, eta trantsizio horren barruan egin dute irudi aldaketa ere.
Gaur egungo “ikuspegi berriari” ondo erantzuteko helburuagaz, beste hainbat aldaketa ere egin dituzte. Maiatzean zabaldu zuten webgune berriagaz batera, Facebook eta Telegram sareak ere sortu dituzte. Sarean ez ezik, kalean ere erakundearen “presentzia aktiboa” bermatzen jarraitzeak “berebiziko garrantzia” du eurentzat, merkatu, konpost egun nahiz enplegu azoken bitartez.
Etenik barik, lanean. Hirurogeita hamar langiletik gora dira guztira Amankomunazgoko langileak, herri bakoitzean dauden bulegoetan lanean. Hala, pertsonen zaintza arloari dagokionez, orain arteko zerbitzuak eta euren kalitatea mantentzeaz gain, hainbat lan egiten dabiltza Amankomunazgoko langileak. Alde batetik, “hain garrantzitsuak diren” foroak eta formaziorako lan lerroak (esaterako emakumeen, zaintzaileen eta gurasoen foroak) aktibatzen ari dira, pandemiaren ondorioz geldituta egon ostean. Bestalde, gaztetxoak erdigunean hartuta, herri hezitzaileek ikastetxe nahiz gaztetxoen aisialdian duten eskuhartzea indartu nahi izan dute: “Bigarren langile bat hartuz indartu dugu hori, eta horren emaitzarekin oso gustura gaudela aitortu beharrean gaude”.
Ekimen berritzaile bezala, berriz, hezkuntza, aniztasun eta aisialdi premietan duten beharrizanen diagnostikoa egin, eta Eusko Jaurlaritzara, Bizkaiko Foru Aldundira eta osasungintzara bideratzeko testu bateratua adostu dute eskualdeko eragile desberdinekin batera.
Bestalde, ingurumenaren zaintzari dagokionez, eskualdetik “modu bateratuan” klima aldaketari aurre egin, eta neurriak hartu ahal izateko prestatzen ari dira. Era berean, hondakin bilketari buruzko hausnarketa ere egiten ari dira, ondo egiten dituzten eta hobetzeko dituzten gakoak identifikatuz: “Hauek dira buruan darabiltzagun galderak, eta horretarako gure hondakin bilketa sistema sakonean ezagutu, datuak ondo aztertu, zailtasunez ondo jabetu eta ingurukoen praktika onak ezagutu behar ditugu”.