Probalarien eta probazaleen plaza
Berriatuko Probazaleak elkarteak antolatuta eta udalaren nahiz Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz, IX. Kinttopeko zadi-mando proben txapelketa lehiatuko dute datorren zapatuan [uztailak 6], Berriatuan. Maila handiko parte hartzea elkartuko da probalekuan, 21:00retan abiatuko duten lehiarako. Gainera, neurketa Bizkaiko Txapelketarako puntuagarria izango dela aurreratu dute.
Lau parte hartzaile ariko dira zein baino zein gehiago: Guriezoko (Kantabria) Fermin Santamaria, Aulestiko Ibekohondo, Nabarnizko Jatetxe Nabarniz eta Busturiko Angel Txertudi. Garaileak manta, txapela eta 750 euroko saria jasoko ditu sari; bigarren sailkatuak, 600 euroko saria; hirugarren sailkatuak, 550 eurokoa; laugarrenak, ostera, 500 euroko saria. Antolatzaileek, bestalde, iragarri dute Pedro Gandiaga Perran omendu egingo dutela lehiaketan.