Sail berri bategaz, badator 34. Kaleka Kale Arteen Jaialdia
Barikutik [uztailak 5] domekara [uztailak 7] kale arteez bustiko dira Lekeitioko kaleak: guztira hamabi emanaldi ikusi ahalko dira hiru egunetan. Aurten gainera, ikusleei zuzendutako eremua estreinatuko dute; oraindik izena eman daiteke.
Arte eszenikoek badute euren tokia Lekeition, eta horixe da Kaleka kale arteen jaialdia. Prestakuntza denak eginda, barikutik domekara [uztailak 5etik 7ra] bitarte oholtza bihurtuko dira Lekeitioko kaleak: guztira hamabi konpainiak euren lanak aurkeztuko dituzte herrian. Aurten berrikuntzekin dator gainera jaialdia: izen berriagaz batera, ildo berri bat estreinatuko dute.
Izan ere, hemendik aurrera Kaleka, Lekeitioko Kale Arteen Jaialdia izena hartu du. Orain arte Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia izenez ezagutzen zen arren, “kale antzerkia” terminoa alde batera utzi nahi izan dute “kaleko arteak” terminoa erabili ahal izateko. Horri esker, arte eszenikoen forma tradizionalez gain -zirkua, drama eta dantza- bestelakoak ere barnebiltzen ditu izenak: zuzeneko eta akziozko arteen beste forma berri eta diziplinarteko batzuk, esaterako, performatiboak, parte hartzaileak eta kolaboratiboak. Horren bitartez, kaleko artearen dimentsio soziala azpimarratu nahi izan dute. Aldi berean, kaleko arteek kaleak nahiz espazio publikoak birdefinitzeko eta eraldatzeko duen ahalmena ere aldarrikatu nahi izan dute.
Izen berriagaz batera, “arreta berezia” ipini dute jaialdian “funtsezkoa” den figura batean: ikusleengan. Horretarako hiru ildo izatetik lau izatera pasa da jaialdia: Kaleka programa ofiziala, Kaleka Scratch, Kalekaz Blai eta, gehigarria, Kalekari. Azken horretan ikusleari Kaleka jaialdira “beste modu eta begi batzuetan hurbiltzeko tresnak” eskainiko dizkiete. Hori horrela, adin guztietakoek parte hartu ahalko dute Kalekari sailean: “Deialdi ireki baten bidez ikuslego talde bat jaialdiaren jarduera paralelo batera gonbidatuko ditugu, non ikusleek eta artistek arte jardunari buruzko jakin mina eta ezagutza trukatzeko aukera izango dute”.
Udazkenean Chicotropico kolektiboaren C.O.S.A. gailu ibiltariagaz gozatzeko aukera egongo da.
Guztira hiru ekintza egingo dituzte Kalekarin. Alde batetik, ikusle tailerra emango dute Eneritz Artetxek eta Igor de Quadrak uztailaren 6an, 11:00etan, Kultur Etxean. Bestalde, Kaleka jaialdia martxan dagoen bitartean egunero artistekin topaketak egingo dituzten, euren lanak ezagutzeko. Hirugarren ekintzagaz, berriz, Kaleka jaialdiko sormen komunikazioan parte hartzeko aukera edukiko dute, uztailaren 4an, 20:00etan, kultur etxean. Parte hartu nahi dutenek oraindik ere egin dezakete www.kaleka.eus web orrian sartuz gero.
Hamabi ikuskizun. Urtero bezala, aurtengoan ere deialdi zabal baten bitartez aukeratu dituzte artistak: “Guztira 415 ikuskizun aurkeztu ziren edizio honetan, eta horietatik 11 izan dira programa ofizialerako aukeratu ditugunak; horiez gain, beste bat Scratch-erako aukeratu dugu”. Hala, Euskal Herriko artistez gain, Katalunia, Italia, Frantzia, Asturias nahiz beste hainbat tokitako sorkuntzak ikusi ahalko dira. Horietatik bat, gainera, Lekeitioko Antzar Egunean inspiratuta dago: Antzar’en Dantza.
Kalekaren programazio ofizialeko artistez gain, Kaleka Scratch sailean garapen edo sormen prozesuan dauden lanak biltzen dituzte, sormenezko elkar trukaketa garatzeko espazioak eskaintzeko asmoz. Hori horrela, Euskal Herriko Okamika taldekoek Herriaren Bihotza proiektua eskainiko dute.
Kalekaz Blai sailagaz, berriz, hiru egun horietatik haratago joan, eta udazkenean Chicotropico kolektiboaren C.O.S.A. gailu ibiltariagaz gozatzeko aukera egongo da: “Soinuaren inguruko sormenezko topaketak egingo dira espazio publikoan. Proiektu horrek kultura kalera atera nahi du”.
EGITARAUA
- Uztailak 5.
- 18:00. G.A.S. (Compagnia del Buco, Italia), Harri kiskirrian.
- 19:00. Zozobra (La Roca Producciones, Asturias), Abaroa jauregian.
- 20:30. Noeud (DAB Dantza Artea eta Bitartekaritza Elkartea, Euskal Herria), Talan.
- 22:30. Karpaty (La Troupe Malabo, Valentzia), Plazan.
- Uztailak 6.
- 16:30-19:30 eta 20:30-23:30. El Laberint (Itineraria, Katalunia), Uribarren parkean.
- 17:30 eta 21:30. Herriaren bihotza (Okamika, Euskal Herria), Monolitoan.
- 18:00 eta 20:30. Inertie (Underclouds Cie, Frantzia), Harri Kiskirrian.
- 18:30. Here we go! (Guga & Silva, Katalunia), Talan.
- 19:30. Antzar’en dantza (Twisting The Balance, Euskal Herria), Isuntzako zubian.
- 22:30. El jardin del viento (Cal y Canto Teatro, Gaztela eta Leon), Plazan.
- Uztailak 7.
- 18:30. Isla (Cia D’Click, Aragoi), Harri Kiskirrian.
- 19:30. Troia (Kamikaz Kolektiboa, Euskal Herria), Plazan.