Zelai Nikolas: "Erabakitzeko eskubidea agenda politikoaren erdigunean jartzea da Gure Eskuren helburua"
'Herri Libre Bat' herri dinamikaren aurkezpena egingo du Gure Eskuk bihar [uztailak 4] Ondarroako Kofradia Zaharrean, 19:00etan.
Herri Libre Bat herri dinamikaren aurkezpen birari amaiera emango dio Gure Eskuk Lea-Artibai eskualdean, bihar [uztailak 4] Zelai Nikolas, Josu Etxaburu eta Iñigo Urrutiaren eskutik, 19:00etan izango da hitzordua Ondarroako Kofradia Zaharrean. Bi urteko dinamika honek, gaur egun Euskal Herrian eta baita mundu mailan dagoen egoera politikoa aztertu eta herri bezala Euskal Herriak erabakitzeko eskubidearen aurrean dituen aukerak jarriko ditu mahaigainean.
Nondik dator Herri Libre bat dinamika, zeintzuk dira helburuak?
Dinamika honekin argi adierazi nahi dugu libre izateko borondatea duen herri bat garela eta helburuak elkarrekin errazago lortuko ditugula. Erabakitzeko eskubidea agenda politikoaren erdigunean kokatzea da gure helburua, sasien artean galdu ez dadin eta zentralitatea hartu dezan. Horretarako, herri sentimendua indartu eta piztu behar dugu eta Euskal Herriari aukerak daudela erakutsi behar diogu, 21. mendea nola irudikatzen dugun mahaigaineratu eta guk gure herrian nola bizi nahi dugun eta ondorengoei zer nolako Euskal Herria utzi nahi diegun irudikatuz.
Zeintzuk izango dira dinamikaren baitan egongo diren ekintzak?
Ekintza desberdinak plantatu ditugu. Batetik, giza-kate digitala egin nahi dugu, maratoi estiloko zerbait. Eskualdez eskualde munduari erakutsi nahi diogu harro gaudela euskaldun izateaz eta Euskal herriak duen mugitzeko gaitasunaz. Ahalduntze prozesu bezala irudikatu dugu, oztopoz beteriko bidea bada ere, aurrera egiteko gai garela, hain zuzen. Azaroak 15ean egingo dugu maratoia, 13 orduz, eta streaming bidez ikusteko aukera egongo da, Euskal Herriko eskualde guztietako jendea agertuko da bertan, euskaldun izateaz harro daudela esanez eta erabakitzeko eskubidea erdigunean jarriz. Ahalduntzea eta gozatzea izango da helburua. Horrez gain, kulturan oinarritutako ekitaldiak egingo ditugu Bilbon, Donostian, Baionan, Gasteizen eta Iruñean. Herri libre bat izateko bide horretan ditugun aukerak erakutsiko ditugu, oso garrantzitsua baita guretzat, herri honetan sare zabal, ireki, anitz eta ahaldundua egotea.
Euskal Herriari aukerak daudela erakutsi behar diogu, guk gure herrian nola bizi nahi dugun eta ondorengoei zer nolako Euskal Herria utzi nahi diegun irudikatuz.
Eragile soziopolitikoen eta euskal lurraldeen arteko lankidetzan sakondu nahi da dinamikarekin.
Herritarren dinamika bat bezala sortu zen Gure Esku eta Euskal Herriaren etorkizunaren inguruan pentsatzeko eta bide honetan eskutik helduta joateko aukera eman du, gure herrian mugitzen diren elkarte eta eragile desberdinekin elkarlanean. Helburu berdinak ditugunok batu gara, Euskal Herriaren burujabetza sendotzeko, horrela indartsuago gara. Handiak dira aurrean ditugun erronkak, klima aldaketatik hasi eta zaintza publiko komunitario batera arte. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu eskutik helduta joatea, batera hobeto funtzionatuko dugulako. Azken aldian nolabaiteko loraldia ere nabaritu dugu herri sentimendu horri bultzatzeko egin ditugun ekintza desberdinetan. Korrika edo Tourra bezalako ekintzetan harrotasunez erakutsi genituen gure ikurrak, elkarrekin bizi nahi duen herri bat dagoela aldarrikatzeko. Horiekin guztiekin, aliantza berriak sortu dira, bai politikan eta baita gizartean. Aurrean ditugun aukerak begiratu, aztertu eta ahal dugun neurrian sustatu eta bultzatzeko modu egokia dela uste dugu.
Euskal Herriarenganako harrotasun edo pertenentzia sentimendua bultzatzea da gakoetako bat, beraz.
Bai. Euskal Herria eskualdez osatutako herri bat da eta Tuteran, Ondarroan edo Baionan errealitate desberdinak daude, tokiko errealitatearen arabera lurreratuko da plangintza. Baina argi izan behar dugu batzen gaituen gakoa zein den: etorkizuna gure esku nahi dugula. Beraz, pertenentzia edo harrotasun sentimendu hori lantzeko baditugu tresnak, orain arte ere erabili ditugunak: sormena eta ilusioa. Tresna horiekin, eskualde bakoitzak erakutsi dezala zein ederra den adibidez, Lea-Artibain bizi eta harro egotea, azaldu dezagun zergatik erabaki nahi dugun Euskal Herriaren etorkizuna.
Zer esango zenieke euskal herritarrei?
Dinamikan parte hartzera animatzeko deia egin nahiko nuke, Ondarroan bihar egingo dugun hitzaldira hurbildu eta dauzkaten zalantzak galdetzeko, asko egongo baitira. Euskal Herrian zein momentutan gauden azalduko dugu, zeintzuk diren aurrera begira ditugun aukerak eta mobilizatzearen garrantzia azpimarratuko dugu. Goazen herria egitera eta goazen, desberdintasunen gainetik batzen gaituena mahaigainean jartzera.
Goazen herria egitera. Goazen desberdintasunen gainetik batzen gaituena mahaigainean jartzera.