Dantzariek hartu dute Amorotoko plaza
San Martin Eguna ospatzen ari dira gaur [uztailak 4] Amoroton. Eguerdian Arta-Nagusi dantza taldeak emanaldia eskaini du. Arratsaldean, berriz, umeentzako jolasak eta Tor Magoaren ikuskizuna egongo dira.
Uztaila heltzeagaz batera heldu dira San Martin Jaiak ere. Gogoz zeuden amorotoarrak jaiei hasiera emateko, eta atzo [uztailak 3] Txan Txun Txunen igoeragaz jai giro bete-betean murgildu ziren. Gaur [uztailak 4] ostera, San Martin egun handia ospatu dute. Jada ohitura den bezala, 11:30ean egon den mezaren ostean Arta-Nagusi dantza taldeak emanaldia eskaini du.
Hala, lainotuta egon den arren, giro ederrean elkartu dira herritarrak plazan. Ume, gazte nahiz nagusi, denek eskaini dituzte hainbat dantza, eta denen arteko kalejiran amaitu dute emanaldia. Ikuslerik ere ez da falta plazan: bazter guztiak bete dituzte herritarrek. Jaia, baina, ez da hor amaitu. Arratsaldean umeak izango dira protagonista: 18:00etan umeentzako jolasak eskainiko ditu Zalbik, eta 20:00etan, berriz, Tor Magoa egongo da plazan.
Bihar [uztailak 5] eta zapatuan [uztailak 6] ere zereginik ez da faltako. Bihar egingo duten krono igoeran, esaterako, 32 lagunek eman dute izena; oraindik ere izena emateko aukera dagoela gogorarazi dute. Txirrindulariek 2,5 kilometroko eta %6,7ko bataz besteko igoerari egin beharko diote aurre. Zapatuan [uztailak 6] egingo duten paella lehiaketak ere herritar ugari batuko ditu plazan: 10 taldek eman dute izena, eta guztira 250 izango dira parte hartzaileak.
EGITARAUA
- Uztailak 4, eguena. San Martin Eguna.
- 11:30. Meza Nagusia.
- Ondoren. Dantza ikuskizuna, Arta-Nagusiren eskutik.
- 18:00. Umeentzako jolasak, Zalbiren eskutik.
- 20:00. Tor Magoa, plazan.
- Uztailak 5, barikua.Â
- 14:30. 3. adinekoen bazkaria.
- 17:30. Krono igoera.
- 22:30. Kontzertuak, frontoian: Kaotiko, Leihotikan eta DJ Leinupe (Zeker taldearen partez). Sarrerak online erosi behar dira bibe.me web orrian, 10 euroren truke.
- 02:30. Gora Herria erromeria, plazan.
- Oharra. Autobusak egongo dira gaur guztian zehar, 21:00etatik 07:00ak arte, Lekeitio eta Amoroto bitartean. Lea-Artibaiko gainerako herrietatik, Gababusa.
- Uztailak 6, zapatua.
- 12:30. Kuadrillen arteko paella lehiaketa.
- 14:30. Paellak aurkeztea.
- 15:00. Kuadrillen bazkari herrikoia.
- 17:30. Galdera jokoa.
- 20:00. Elektrotxufa elektrotxaranga, plazan.
- 22:00. Andoni Ollokiegi, plazan.
- Ondoren. Unidad Alavesa.
- Atzetik. DJ Amataki eta lagunak.
- Oharra. Lekeitiotik Amorotora joateko autobusak 21:30ean eta 22:30ean izango dira. Amorototik Lekeitiora joateko autobusak 04:00etan eta 06:30ean izango dira.
- Uztailak 7, domeka.
- 17:00. Mus txapelketa, frontoian. Izen ematea: 20 euro bikoteko.
- 17:30. Briska txapelketa, frontoian. Izen ematea: 15 euro bikoteko.