Munitibarrek II. Igoera Herrikoien Ligako bigarren proba hartuko du
Bost probatik zortzira jauzia egin du lehiaketa herrikoiak. Aixerrotara II. Igoeragaz hasiera eman berri diote, eta Oizko San Kristobal ermitarako igoera izango da hurrengoa, uztailaren 14an. Berriatuan, Aulestin eta Ondarroan ere egingo dituzte lasterketak.
Iaz ekin zioten Igoera Herrikoien Ligari hasiera. Arrolape Mendi Klubak tokiz tokiko herritar eragileekin elkarlanean antolatutako txapelketa izan zen, eta bost data eduki zituen: Lapatzarako igoera, Natxituan; Santa Eufemi baselizara igoera, Aulestin; San Migelera igoera, Ereñon; Aixerrotara Igoera, Gernika-Lumon; eta Kaltzadan Gora lasterketa, Elantxoben. Aurten, lehiak bere bigarren aldia harrapatuko du eta, antolatzaileek aurreratu dutenez, “indartuta eta egonkortuta” egongo da: aipatutako data horiei beste hiru gehituko zaizkie. Munitibar, Berriatua eta Ondarroa dira txapelketara batu diren udalerriak. Gainera, aurreratu dute ligara sartu gura duten herriek “ateak zabal-zabalik” dituztela.
Herrietako eragileen “boluntario lana aintzatestea” da txapelketaren jomuga nagusia. Hori horrela, jaietako edota pareko jardunaldi berezietako egitarauetan sartu dituzte probetako zenbait. Era berean, profil, adin, eskarmentu eta maila guztietako herritarrei “lasterketa labur, egingarri eta politetan” parte hartzeko aukera eman gura diete: “Parte hartzaileak, batetik, pareko mendi lasterketetan aritzen diren korrikalariak dira; bestetik, beste barik unea dastatu gura duten eta inongo kirol helbururik ez dutenak ere badaude. Ligak guzti-guztiei plaza ematea bilatzen du”.
San Pedro egunean, ekainaren 30ean, eman zioten hasiera bigarren ekitaldiari. Aixerrotara II. Igoera egin zuten, 35 korrikalariko parte hartze “apartagaz”. Hasiera polita eman zioten txapelketari, eta, euriteei aurre eginez, Gernika-Lumoko Pasealekutik Aixerrota edo Koskoaga modura ezagun den muino tontorrerainoko bidea egin zuten parte hartzaileek. Alluitz de Bilbao kortezubitarra eta Oriol Cardona kataluniarra izan ziren garaileak. Hurrengo hitzorduari dagokionez, Munitibarren izango da, San Kristobal jaien aterkipean: uztailaren 14an, Oizko ermitara igoera bertikala egingo dute; kilometroa pasatxoko bidea egin beharko dute lasterkariek, 225 metroko desnibelagaz. Egunean bertan izena eman beharko da, 11:30etik aurrera, baseliza aurrean. Munitibarkoa, baina, ez da izango uztaileko lasterketa bakarra. Hain zuzen ere, hilaren 20an, liga Berriatura iritsiko da, Legarmendira igoera lehiatzeko.
Abuztuan, Natxituan, Lapatzara igoera lehiatuko dute. Ia kilometro biko ibilbidea edukiko du, 174 metroko desnibelagaz, izen bereko hondartza eta Natxituko herrigunea artean. Hurrengo hitzordua irailaren 22koa izango da: Santa Eufemira igoera. Ibilbiderik laburrena izango da, 700 metrokoa, baina “esplosiboenetakoa eta ederrenetakoa”. Ondarroa da ligara izena eman duen azken udalerri berria. Korrikalariek Tontorramendi mendirainoko bidea egin beharko dute irailaren 28an: 2.600 me3tro inguru, 421 metroko desnibelagaz.
Liga amaiera Busturialdean egingo dute, Lea-Artibaiko zita horien ondoren. Zazpigarren proba, San Migel igoera, Ereñon lehiatuko dute urriaren 6an, eta zortzigarrena, Elantxobeko Kaltzadan Gora lasterketa, abenduaren 6an izango da. Ereñoko lasterketak 1,7 kilometroko luzera edukiko du, 200 metroko desnibelagaz; Elantxobeko galtzada habitat duen proba, berriz, 1,2 kilometroko eta 210 metro positiboko azterketa izango da lasterkarientzat.
II. IGOERA BERTIKALEN LIGA
- Ekainak 30. Aixerrotara Igoera (Gernika-Lumo).
- Uztailak 14. Oizko ermitara igoera (Munitibar).
- Uztailak 20. Legarmendira igoera (Berriatua).
- Abuztuak 15. Lapatzara igoera (Natxitua).
- Irailak 22. Santa Eufemira igoera (Aulesti).
- Irailak 28. Tontorramendira igoera (Ondarroa).
- Urriak 6. San Migelera igoera (Ereño).
- Abenduak 6. Kaltzadan Gora (Elantxobe).