Irailaren 21ean egingo da VIII. Ondarru-Lekitto lasterketa
Gaur [uztailak 4] aurkeztu dute irailaren 21ean egingo den Lea-Artibai eskualdeko lasterketa, izena ematea zabalik dago irailaren 19ra arte.
Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean aurkeztu du gaur [uztailak 4] VIII. Ondarru-Lekitto lasterketa Lekeitioko Txismista Atletismo Taldekoek. Bertan egon dira Lea-Artibaiko herrietako udal ordezkariak ere.
Irailaren 21ean Ondarroako Itsasaurretik abiatuko da lasterketa Lekeitiora, herri barrutik kilometro batzuk egin ondoren, kostaldeko errepidetik igaroko da, zehazki, Berriatua eta Mendexako lurretatik. Lekeition herri barruan 1,5 kilometro egin ondoren, Independentzia plazan izango du helmuga lasterketak. Irteera ordua 17:00etan izango da eta 19:00etan itxiko da helmugako kontrola, ordu horretan egingo da sari banaketa ere.
Izena ematea zabalik dago irailaren 19ra arte, www.herrikrosa.eus webgunean. 250 parte hartzaileko muga jarri dute antolatzaileek, segurtasun neurriengatik. Lasterketa egunean eta bezperan izena emateko aukerarik ez dela egongo azpimarratu dute.
Kontsignei dagokienez irteera puntuan eta helmugan, bietan eskainiko da zerbitzua. Lasterketako bidean zehar bi hornidura puntu jarriko dituzte, ura edan ahal izateko, lehenengoa 5. kilometroan eta bigarrena 10. kilometroan. Helmugan, janari eta edariaz gain, kamiseta bana jasoko dute parte hartzaileek. Horrez gain, lasterketa aurretik eta bukatu ondoren autobusak egongo dira Ondarroatik Lekeitiora, eta alderantziz.
Hiru sari desberdin egongo dira aurten ere. Hasteko, lehen hiru emakumeentzako eta lehen hiru gizonentzako sariak banatuko dituzte; irabazleentzako txapela, garaikurra eta 250 euroko saria egongo da, bigarrenarentzako garaikurra eta 150 euroko saria eta hirugarrenarentzako garaikurra eta 75 euroko saria. Lea-Artibaiko lehen hiru emakume eta gizonek ere sariajasoko dute. Horrez gain, taldekako saria ere banatuko dute, Lea-Artibaiko herri bereko lehen lau gizonek eta lehen lau emakumeek jasoko dute saria.
Egunean zehar zozketa bat egongo da martxan, eskualdeko hainbat laguntzailek emandako produktuekin hornitutako saskia zozketatuko da parte hartzaileen artean.
Datu historikoak. 120 herri desberdinetako parte hartzaileek bukatu dute lasterketa aurreko 7 edizioetan, guztira 781 korrikalari. Horietatik 231 Lekeitiarrak izan dira, 110 Bilbotarrak, 99 Ondarrutarrak eta 50 Markina-Xemeindarrak. Lea-Artibai eskualdeko datuei erreparatuz, parte hartzaileen %40a izan da bertokoa. Euskal Herritik kanpo etorritako korrikalariak 17 izan dira.
Barakaldoko Abdellah Tagharefetek lortu zuen 48 minutu eta 32 segundorekin. Emakumezkoetan Majida Maayoufek lortu zuen markarik onena 57 minutu eta 43 segundorekin. Gizonezkoetan berriz, Barakaldoko Abdellah Tagharefetek, 48 minutu eta 32 segundorekin.