Itsasoa hartzeko gogotsu daude Andrak Erramutan taldekoak
Ondarroako Andrak Erramutan talde feministak Ondarroa-Donostia-Ondarroa itsasaldia burutuko du uztailaren 6 [zapatua] eta 7an [domeka].
Ikasturte guztian zehar arraunean “gogor” entrenatzen ibili dira Ondarroako Andrak Erramutan talde feministako kideak. Kaleak hartzen dituzten bezala, oraingoan, itsasoa berraienganatzea dute helburu asteburuan burutuko duten itsas erronka feministarekin, “emakumeok itsasoa hartu eta egindako lan ikusezina ikustaraztean gain, gure adineko emakumeak ere hemen gaudela aldarrikatu nahi dugu”.
Zapatuan [uztailak 6] emango diote hasiera itsas erronka feministari, guztira hiru traineru aterako dira goizeko 08:00etan Ondarroako Arraun Elkartetik, “hiru traineruak betetzeko jendea falta zitzaigunez, taldeko kide batzuen alabak etorriko dira gurekin batera”. Orion egingo dute lehenengo geldialdia eta bertan ongi etorria emango diote herritarrek: “Orioko emakume taldea ere gurekin itsasoratuko da Zarautz inguruan eta ondoren, denok batera sartuko gara herrian. Batukada feministak girotuko ditu kaleak eta manifestua irakurriko dugu”.
Behin Orion bazkaldu ondoren, Donostiarantz aterako dira eta domekan, berriro ere Ondarroarako bidea hartuko du Andrak Erramutan taldeak: “Domekan goizeko 08:30ean aterako gara Donostiatik eta tartean Zumaian egingo dugu geldialdia, kalejira eta guzti egingo digute ongi etorria. Hurrengo geldialdia Mutrikun izango da eta horik, zuzenean Ondarroara etorrikora gara”.
Turrun hotsarekin helduko dira hiru traineruak Ondarroako portura eta Alde Zaharrean egingo diote ongi etorria: “itsasoa geurea ere badela aldarrikatuko dugu. Gogotsu gaude, eta urduri aldi berean eta espero dugu eguraldiak laguntzea. Ondarroako herritarrei hurbiltzeko deia egin nahi diegu, denon artean momentu polita bizitzeko”.
EGITARAUA
- Uztailak 6, zapatua.
- 08:00. Irteera Arraun Elkartetik.
- 13:00. Orion ongi etorria, manifestuaren irakurketa eta bazkaria.
- 20:00. Donostian sartzen.
- Uztailak 7, domeka.
- 08:30. Irteera Donostiatik.
- 13:00. Zumaian ongi etorria,kalejira eta bazkaria.
- 17:00. Mutrikun ongi etorria.
- 18:30. Ondarroara ailegatu.
- 20:00. Ongi etorria kalekutzeko eskaileretan.