Musikaren eta kulturaren olatuak Nolatu Festibala dakar Lekeitiora
Lekitto Musika Bandaren ekimenez musika mota desberdinez beteko da Lekeitio uztailaren 8tik 12ra. Azken kontzertua urtero eskaintzen duten Plazakua izango da, uztailaren 12an.
Lekeitiar nahiz inguruko herritar musikazale askoren artean ezinbesteko hitzordua da Lekitto Musika Bandaren Plazakua musika emanaldia. Aurtengoan, kontzertua bera gutxi ez, eta aste guztiko egitaraua antolatu dute bandako kideek. Lekeitio New Orleansen olatuak hartuko du, eta halaxe helduko da Nolatu Festibala, datorren astelehenetik [uztailak 8] barikura [uztailak 12] bitartean.
“Aspalditik” zuten asmo bati heldu diote bandako kideek. Urtzi Iriondo Lekitto Musika Bandako zuzendariak azaldu duenez, big band edo banda handiaren formatuan jotzeko gogoz zeuden musikariak: “Banda handi bat atera nahi genen, baina horrek esan nahi zuen bandako batzuk kanpoan geratu behar zirela, eta ez genuen nahi. Horri tiraka, pentsatu genuen eurekin beste zerbait egitea, eta horrela okurritu zitzaigun festibalaren ideia”.
Hori horrela, sei kontzertuk eta dokumental baten emanaldiak osatuko dute egitaraua. Dokumentala, hain zuzen ere, Fermin Muguruzaren Nola? izango da: “Oso interesgarria da. Pentsatu genuen Zulua taberna kulturgune indartsu bat izan zitekeela festibalagaz hasteko. Ze, Zuluak asko erabiltzen du kultura, eta ez da soilik kapitalismoan oinarritzen. Bere nortasuna eta balioak dituen taberna da, eta hori ipintzen duen musikagaz adierazten du”. Hori horrela, astelehenan [uztaika 8], 20:00etan, Nola? dokumentalaren emanaldiagaz hasiko dute Nolatu.
Dokumentaletik dator, gainera, festibalaren izena ere: “Apur bat informatzen hasi ginenean egin genuen topo Fermin Muguruzaren Nola? dokumentalarekin. Jakin genuen zelan ‘nola’ hitzak New Orleansen eta Louisianaren akronimoa den, eta pentsatu genuen ideia ona zela hori erabiltzea, ze, hitz euskalduna ere bada, eta joko handia eman dezake. Dokumentala ikusi genuenean Katrina tsunamiari buruz hitz egiten zuela ikusi genuen, eta denon arteko ideiak batuta heldu ginen ‘Nolatu’ hitzera. Olatu handi batek ekarriko du Lekeitiora Nolatu festibala. Nolatu izango da Lekeitio New Orleans bihurtzea”.
Goi mailako musikariak. Astelehenan dokumenatala ikusi ostean, martitzenean [uztailak 9] gospel talde batek hartuko du errelebora: “Blue Velvet Gospel Singers taldea etorriko da. Horrelako festibal batean gospel koro bat edukitzea sekulakoa da; maila onekoak dira eta pasioarekin egiten duten dena, eta horregatik ekarri ditugu”.
Uztailaren 10ean, berriz, Plazakuan abeslari lanetan ibiliko den Ederrek kontzertua eskainiko du Alainekin batera, Zubieta hotelean. Afalostean, berriz, Nautika aurrera joango dira denak Malwina Masternak Quartet taldearen kontzertua ikusteko: “Quarteto honek ere gurekin parte hartuko du Plazakuan, baxua, bateria, gitarra eta pianoa joz”.
Eguena [uztailak 11] izango da, Iriondoren ustez, “gertatuko den gauza politenetarikoa”. Swinvergüenza gasteizko dantza taldeagaz batera irtengo dira Lekitto Musika Bandako kide denak, kalejiran: “Dixie izena mantendu dugun arren, ez da dixie izango. Banda osoa irtengo da kalera, eta izango da New Orleanseko hileta bat irudikatzeko”. Hala, 50 lagun inguru elkartuko dira Lekeitioko kaleetan zehar, denak New Orleanseko erropekin jantzita. Gainera, egunagaz goi-goitik amaitzeko Mogumbo Brass Band egongo da, kalez kale.
Asteagaz amaitzeko big bandaren txanda izango da: “Aurtengo Plazakua kontzertua horixe izango da: The Big Bandtis. Errepertorio klasiko bat eskainiko dugu, swing klasikoa, baina egongo da arregloren bat edo beste apur bat ezagunagoak diren abestiekin ere”. Iriondok banda egiten ari den esfortzua azpimarratu nahi izan du: “Banakoek hau dena aurrera ateratzeak sekulako meritoa dauka”.
Euren ilusioak betetzeko gogoz irtengo dira kaleetara musikariak: “Gure gaitasuna, gogoa eta musikarekiko eta herriarekiko dugun pasioa erakutsi nahi dugu. Gure ilusioak betetzea da helburua, azken finean, ilusioetatik bizi garelako”. Hala, herriko nahiz inguruko denei bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek: “Ateak zabal zabalik ditugu; hau ez da gure banda, hau herriaren banda da”.