Triatloi herrikoia eta haurren duatloia egongo da zapatuan, Ondarroan
11:00etan hasiko da umeen duatloia eta 16:00etan herri triatloia. Egunean bertan egongo da izena emateko aukera, ordubete lehenago.
Zapatuan [uztailak 6] egingo dute Ondarroako triatloi herrikoia eta Koaxi Triatloi Taldea izango da antolakuntzagaz arduratuko dena, 16:00etan hasiko da proba eta izena emateko ordu bete lehenago egon beharko dira parte hartzaileak Itsasaurren, 15:00etan. Horrez gain, umeen duatloia egongo da goizean, 11:00etan hasiko da eta apuntatzeko aukera 10:00etan egongo da, Arrigorriko hondartzan.
Herri triatloian egingo diren hiru probak hurrengoak izango dira: “Lehenengo igerian aterako dira parte hartzaileak, kukañatik Kalatraba zubira arte, guztira 300 metro, ondoren, bizikletan 16 kilometroko ibilbidea egingo dute, Mendexako Kinto bidegurutzera arte. 3,5 kilometroko korrikaldiarekin amaituko dute triatloia, Kamiñazpira joan etorria eginez”. Proba amaitu ostean, janaria eta edaria egongo da parte hartu duten guztientzat. Antolatzailek bakoitzak norbere burua zaintzeko eskatu dute eta herri triatloia den heinean helburua parte hartzaile guztiek gozatzea dela azpimarratu dute.
Umeen duatloiari dagokionez, bost kategoria desberdinetan banatuko da proba eta kategoria bakoitzeko haurrek metro desberdinak egin beharko dituzte korrika eta igerian. Hasiberriek, benjaminek, kimuek, ume mailakoek eta kadeteek izango dute parte hartzeko aukera. Sailkapenik gabeko lagunarteko proba izango da eta amaieran txokolatada bat izango dute.