Loli Arriola: "Oso eskertuta nago izan ditudan bezero guztiei"
Gauza guztiei bezala heldu zaio Loli Arriolari ere ile-apaindegia uzteko momentua. 2011an heldu zen Aulestira, eta hamahiru urte eta milaka bizipen eta gero, bide berri bat hasteko unea heldu zaio.
Goizean goizetik ile-apaindegiko atea ireki eta banan-banan sartzen zaizkio bezeroak, sarreran dauzkan bi aulkitxoetako baten jarri, eta han ibiltzen dira kontu-kontari, hurrengoaren txanda heldu arte. Jaiotzez Nabarnizkoa da Loli Arriola, baina Gernika-Lumo du bizilekua, eta egunero Aulestirako bidea hartzen du, bertan baitauka bere lantokia.
30 urtetan hainbat ile-apaindegitan egon ondoren, 2011. urtean bide berri bat hasi zuen Arriolak, eta Aulestiko herrian zegoen ile-apaindegia hartu, eta ordutik gaur egunera arte bertan ibili da lanean: “Nire ahizparen bitartez heldu zitzaidan mezua, eta ezezkoan nengoen. Domekaro Nabarnizera joaten naiz, eta horrelako egun batean, libre neukala aprobetxatuta, Aulestira joan nintzen, ezezkoa ematera. Garai hartan lan egiten nuen ile-apaindegia nire etxe alboan neukan, eta , beraz, nahikoa argi neukan erabakita hartuta neukala”.
Aulestira ezezkoarekin heldu bazen ere, Aulestitik ia baiezkoarekin atera zen: “Konbentzitu egin ninduten, eta nire neba-arrebekin hitz egin ondoren, nirea izango zen zerbait probatzeko erabakia hartu nuen. 30 urtetan norbaitentzako lanean egon ondoren, nirea propio izango zen abentura hasteak zirraratzen ninduen”. Inoiz ez da damutu duela hamahiru urte hartu zuen erabakiarekin. Bere esperientzia osatzen lagundu dion erabakia izan zela argi dauka, eta urte luze horietan bizitakoak gordeta ditu, berarentzat.
30 urtetan norbaitentzako lanean egon ondoren, nirea propio izango zen abentura hasteak zirraratzen ninduen.
Eguerdi parteko orduak aprobetxatzen ditu ile-apaintzaileak etxez etxeko zerbitzua emateko: “Eguerdian ile-apaindegia itxita dagoenez, autoa hartu, eta auzoz auzo ibiltzen naiz, bertara etorri ezin diren bezeroei ilea txukuntzen. Bezeroek asko eskertzen dute zerbitzu hau, eta kezka apur bat sortzen dit nik ile-apaindegia uztean, zerbitzu hori bertan behera geldituko dela pentsatzeak. Gainera, inguruko herri txikietako ile-apaindegi bakarra da nirea”.
Esker onak. Momentu berezi asko pasa ditu Arriolak Aulestin, bai aulestiarrekin, bai inguruko herri txikietako bizilagunekin. “Oso gustora egon naiz Aulestin urte guzti hauetan, herri txikia izateak bere alde onak dituela onartu behar dut, ni neu ere herri txiki baten jaio nintzen. Herritarrekin harreman politak egin ditut, baita inguruko herrietako bezeroekin ere, nire ilea-paindegira Munitibar, Gizaburuaga, Amoroto, Mendexa eta Lekeitiotik ere etortzen baita jendea”.
Herri txikian lan egitearen indarguneak aipatzean, hurbiltasuna azpimarratu du Arriolak: “Herri txikiek berotasun eta hurbiltasun berezia dute. Nik kafe lagunak egin ditut urte guzti hauetan; kafe ordua heltzen denean, tabernara jaitsi eta han elkartzen gara adin desberdinetako emakumeak, nire bezeroak ia denak”.
Urte guzti horietan ile-apaindegitik pasatu diren bezero guztiei bere esker ona adierazi nahi die Arriolak: “Oso eskertuta nago izan ditudan bezero guztiei, bai aulestiarrei, bai inguruko beste herrietatik etorri direnei. Eskerrik asko urte guzti hauetan nire bidelagun izan zaretenoi”.
Ile-apaintzaile bezala ez, baina bueltatuko da Aulestira, kafe lagunekin kontu-kontari ibili eta herriko txoko txikiak bisitatzera.
Oso eskertuta nago izan ditudan bezero guztiei, bai aulestiarrei, bai inguruko beste herrietatik etorri direnei. Eskerrik asko urte guzti hauetan nire bidelagun izan zaretenoi.