100 gaztetxo baino gehiago, duatloiaz gozatzen
Markina-Xemeingo Zelaiaren inguruan elkartu dira gaur [uztailak 6] kirolari gaztetxoenak XIV. Duatloi Txikian parte hartzeko.
Markina-Xemeinen elkartu dira gaur eskualdeko nahiz inguruetako kirolariak, Alarabi Triatloi Taldeak antolatu duen XIV. Duatloi Txikian parte hartzeko. 100 ume eta gaztetxotik gora izan dira, hain zuzen ere, duatloian parte hartu dutenak. Lehenengo postuan edo azkenengoan geratu, denek jaso dute Alarabikoen oparia, gozatzeko helburuagaz elkartu baitira.
11:00ak jo orduko hasi dira nagusienak lasterketagaz. DBH1etik DBH4rako gaztetxoen txanda izan da lehenengo, eta ostean, LH1eko umeengandik hasi eta LH6rainokoek egin dute lasterketa, hainbat txandatan banatuta. Txikienek Zelaiaren inguruan egin dute bai bizikletan eta baita korrika ere, eta nagusienek, Xemeingo eliza atzetik egin dute bizikletaz. Txalo eta animoak ez dira falta izan, eta lagunarteko giro ezin hobean amaitu dituzte lasterketak. Eguraldia, gainera, lagun izan dute, eta ez da inolako istripurik egon.
Lasterketa denak amaituta argazki erraldoia ateratzeko tartea hartu dute, eta ostean, txikienen txanda izan da. Hala, txalo zaparrada artean amaitu dute Duatloi Txikia. Amaitzeko, gainera, Tate Gozotegikoen hainbat produktu zozketatu dituzte parte hartzaileen artean.
Balorazioa, “oso ona”. Antolatzaileak “oso pozik” geratu dira gaurko egunagaz: “Oso-oso ondo joan da dena. Eguraldia ere lagun eduki dugu, eta guztira 100 kirolaritik gora etorri dira, neska eta mutil. Eskualdeko mordo bat etorri dira, eta baita urrunagokoak ere: Durango, Bermeo, Gernika… Egia esan, oso pozik geratu gara, egun polita irten da”. Era berean, eskerrak eman dizkiete euren babesle eta laguntzaile guztiei, eta baita, nola ez, ikustera joan direnei ere.