Heldu da Ondarroara antxustegitarren ontzia
Antxustegi familiaren ontzia eta haren inguruko informazioa biltzen duen 'Nuevo Anchustegi, Gure Señoriti' erakusketa ikusgai egongo da Ondarroako Udal Erakusketa Aretoan, domekara arte.
Joan den urtarrilaren 10ean aurkeztu zuen Bilboko Itsasmuseumak Nuevo Anchustegui, “Gure señoriti” aldi baterako erakusketa, eta bertan hainbat hilabetez egon ostean, Ondarroan ikusteko aukera egongo da. Domekara [uztailak 14] arte ikusi ahalko da erakusketa Udal Erakusketa Aretoan, astelehenetik barikura 18:30etik 21:00etara eta asteburuan, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara.
Ondarroako Antxustegi familiak euren etxeko baxurako ontzia Bilboko Itsasmuseumari eman zion dohaintzan 1997an, museorako, eta 2013an konturatu ziren ontzia egoera txarrean zegoela. Hori horrela, lanari ekin zieten familiako kideek, eta Jose Antonio Apraiz historiazale bermeotarrak egindako erakusketa da Ondarroan ikusi ahalko dena; familiako kideek Apraizek egindako lana eskertu nahi izan dute. Antxustegitarren esanetan, urte guzti horietan ondarea bizirik mantentzeko egindako lanari amaiera emateko “modu paregabea” da erakusketa herrira eroatea.
Erreferentziazko ontzia. Nuevo Anchustegui itsasontzia 1958an eraiki zen Ondarroako Arriola ontzioletan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako baxurako arrantza tradizionalaren garapenean funtsezko tipologiaren ordezkaririk zaharrena da. Erakusketak, ontziaz eta bere historiaz gain, beste hainbat gai ere lantzen ditu. Familiako artxiboko irudi eta dokumentuekin batera, Euskal Museoak utzitako pieza desberdinez ostatuta dago: “Ontzia eta bere historiaz gain, familia, ontziaren oinarrizko portua eta Ondarroako herriak duen garrantzia ere ikusi daitezke erakusketan”.