Ion Ibarluzea, erreibindikazioaren bidetik finalera
Karmen Jaietan jokatuko dute Markina-Xemeingo Grand Slameko final handia Barandika eta Lopezen aurka.
Markina-Xemeingo Grand Slameko final handia zehaztu zen zapatuan [uztailak 6]: Olharan-Ibarluzea eta Barandika-Lopez. Hau da, multzokako fasean lehen postuan geratutako bi bikoteak, ustez faboritoak emaitza ikusita, kanporan geratu dira.
Ion Ibarluzeak eta Jean Olharanek oraindik partidarik galdu ez zuten Ladutxe eta Basquen aurka meritu handiko garaipena lortu zuten. Markina-Xemeindarrak etxean erakutsi du Aritz Erkiagagaz bakarrik ez, edozeinekin irabazteko gai dela eta Jai Alai Ligako bere hirugarren finala jokatuko du. Erreibindikatu egin da. Uniko bikote sasoikoena ere garaitzeko izan zen atzelaria Olharanen laguntzagaz, bi setetan gainera.
Hala ere, gogotik egin behar izan zuten lan. Hain zuzen ere, berdintasuna izan zen nagusi partida osoan zehar. Lehen seta 13-15 irabazteak indarra eman zien Ibarluzeari eta Olharaneri bigarren jokoari begira. 6-10 aurreratu ziren eta guzti, baina lapurtarrek ezin hobeto erreakzionatu zuten. Batzuek hirugarren seta nahi zuten, besteek inondik inora ere ez, esfortzua agerikoa zen Olharanen eta Ibarluzearengan. 14-12 jarri ziren aurretik Ladutxe eta Basque eta dena hirugarrenera bideratuta zirudienean markagailuari buelta emateko gai izan ziren. Pilota ikaragarriak sartu zituzten eta harmailetako bultzadari esker finalerako txartela lortu: 14-15.
Aldaketa. Beste finalerdia bai, hirugarren jokoan erabaki zen. Barandikak eta Lopezek, berriz, partidari buelta eman behar izan zioten finalean sartzeko. Hobeto sartu ziren Johan Sorozabal eta Julen Del Rio. Biarritzeko aurrelaria sasoiko dagoela erakutsi zuen beste behin, eta min handia egin zuen jokoan sartzen zen bakoitzean. 2-6 aurreratu ziren. Atzelari gasteiztarrak ere mina egin zuen bere eskuma indartsuagaz eta 11-15 irabazi zuten lehendabizikoa.
Bigarrenean, hobeto neurtu zuten kokapena beteranoek frontoian. 4-4 berdindu ostean, 6-4, 8-5 eta 10-6 hasi ziren nagusitzen. Gerriko lesio batengatik, Gorka Mugartegi “Atain” sartu behar izan zen Del Rioren ordez. Erritmoa hartuta, azkenean nahiko eroso lortu zuten finalerako txartela faborito nagusiek: 15-9 eta 5-2.
Karmen Egunean jokatuko dute final handia eta bertan izango dira ETBren kamarak.