Isuntza eta Ondarroa, sailkapenean berdinduta
Asteburu perfektua osatu du Bermeo Urdaibaik, Zierbenan eta Donostian gailenduz, eta lautik lau estropada irabaziz. Euren nagusitasuna berretsi dute.

Eusko Label Liga hasiera perfektua izaten segitzen du Urdaibaik: beste bi bandera eskuratu eta lidergoa sendotu du talde bermeotarrak. Asteburu perfektua osatu du, Zierbenan eta Donostian gailenduz, eta ligarako hautagai nagusietako bat dela erakusten jarraitu du.
XLI. Petronor Bandera lehiatu zuten domekan [uztailak 7] Zierbenako uretan, eta 19:41,52 segundoko denboran helmugaratu zen Urdaibai, lautik lau bandera eskuratuz. Bermeoko taldekoek gogor borrokatu behar izan zuten garaipena atzokoan; izan ere, ondo hasi zuten lehia Urdaibaikoek, estropada erdian aurkariei zortzi segundoko aurrea hartuz. Hirugarren luzean Oriorenganako, Zierbenarenganako eta Hondarribiarenganako tarteak handitu zituen, baina Ama Guadalupekoak bikain erantzun zion laugarren luzean, tartea zazpi segungotan murriztuz eta hiru segundotara hurbilduz, olatu on bati esker. Hala ere, beste olatu on bat harrapatu zuen Urdaibaik eta zazpi segundoko aldea atera zion Hondarribiari (19:48,86). Hirugarrena etxeko trainerua izan zen, 19:52,56ko denboran gelditu baitzuen kronoa Zierbenak, eta laugarren izan zen Orio, bermeotarren traineruarekiko 15 segundoko diferentziagaz.
Ondarroako traineruak, berriz, bederatzigarren postuan amaitu zuen lehia, Urdaibaik baino 41,06 segundo gehiago behar izanda, eta 11.ak izan ziren lekeitiarrak, 20:32,56ko denborgaz, lehenengoek baino 51,04 segundo gehiago behar izanda.
Aurreko egunean, zapatuan [uztailak 6], XVI. Fabrika Bandera lehiatu zuten Donostian, eta urak eta metereologiak baldintzatutako estropada izan zen. Hirugarren txandan hirugarren kalea egokitu zitzaion Bou Bizkaiari, eguneko baldintzei aurre egiteko onenetarikoa, eta beste batzuetan estropadaren bigarren erdian hartzen duen abantaila hasieratik hartu zuen zapatuan. 21:22,33ko denbora behar izan zuten lanak amaitzeko. Bigarren sailkatu zen Zierbenari 19 segundoko tartea atera zion, eta hirugarren izan zen Hondarribiari, berriz, 32 segundokoa. Laugarrenak izan ziren oriotarrak, 22:04,97ko denboragaz. Lekittarrak Zierbenan lortutakoa baino emaitza hobea izan zuen Donostian, bosgarren denbora onena egin baitzuen: 22:11,62ko denbora egin zuten. Ondarrutarrak, aldiz, zortzigarren postua lortu zuten, 22:40,12ko denbora eginda.
Asteburuko emaitzak kontutan hartuta, 48 puntu ditu Urdaibaik, Zierbenak baino zazpi gehiago (41 puntu ditu). Hirugarrena da Hondarribia (40 puntu), eta laugarrena Orio (36 puntu). Zazpigarren postuan daude Ondarroakoak (20 puntu), eta postu bat beherago, zortzigarrenean daude Lekeitiokoak, ondarroarren puntu berberekin.
Arraun Lagunak ere, menderaezin. Gizonezkoetan Urdaibaik egin legez, laugarren garaipena segidan erdietsi zuen domekan [uztailak 7] Arraun Lagunakek. Hauek ere lautik lau irabazi dituzte. ETE Ligari dagokionez, Ondarroa zazpigarren izan zen zapatuan Camargon eta domekan Portugaleten. Sailkapen nagusian ere zazpigarren postuan daude 12 puntugaz.