Unai Barainkagaz hasiko da Lekeitioko Udako Arte Erakusketa
Domekara arte [uztailak 14] egongo da ikusgai erakusketa 18:00etatik 21:00etara Eskolapeko aretoan.

Hastear dago Lekeitioko Udako Arte Erakusketa. Martitzenean [uztailak 9] emango diote hasiera aurtengo egitarauari. Bost artistek erkautsiko dituzte haien lanak abuztuaren 11ra arte, hau da, bakoitzak gutxi gorabehera astebeteko tartea izango du.
Hain zuzen ere, Unai Barainkaren Picasso pintura lanaren 50 zirriborroak erakusketagaz emango diote hasiera. Domekara arte [uztailak 14] egongo da ikusgai 18:00etatik 21:00etara Eskolapeko aretoan eta artista ere bertan dagoenean. Barainkak gaur egun 5-13 urte bitarteko umeei pintura klaseak ematen ditu Lekeitioko Azkue ikastolan, Markina-Xemeingo Berakruz ikastolan eta Ispasterreko eskola publikoan. Horrez gain, muralak eta barne diseinuko pintura lanetan ere aritzen da. Lekeitiokoa izango da bere lehenengo erakusketa.
Erakusketa Picassoren “Gernika” koadroan oinarrituta dago. “Gernika margolana, errepublikako gobernuak egindako eskaera bat izan zen. Gernikari egindako bonbardaketa irudikatzen du, gernikarrak bizitako beldur, min, sufrimendu eta heriotza”. Artistak Picassok “Gernika” margotu aurretik egindako 50 zirriborroak batzea lortu ditu. Zirriborroak akuarelaz eta akrilikoz margotu eta ikusi nahi dituen ororentzat erakutsiko ditu Eskolapean. Koadroa aztertuz, margolariak kontatu nahi izan zuena gehiago ulertaraziko du.
Jonan Gomezen Arrainak 2024 erakusketak hartuko dio erreleboa Lekeitioko Udako Arte Erakusketan. Hurrengokoa da artisten zerrenda eta erakusketaren izena:
- Uztailaren 9tik 14ra Iñigo Barainkaren Picasso pintura lanaren 50 zirriborroak
- Uztailaren 15etik 21era Jonan Gomezen Arrainak 2024
- Uztailaren 22tik 28ra Unai Madariagaren AFGDFG
- Uztailaren 29tik abuztuaren 4ra Maria Teresa Herreroren Lurra eta itsasoa
- Abuztuaren 4tik 11ra Juan Ramosen Itzulera