Ezbeharren artean, Munduko Txapelketara
Oihana Kortazar Mutrikuko bizilagunak gutxien espero zuen moduan lortu du Munduko Txapelketarako sailkapen txartela, DesafiOSOmiedo proban.
Mendi lasterketen ekosistema doluz jantzi da iragan asteburuaz geroztik. DesafiOSOmiedo lasterketak hainbat eta hainbat lasterkari elkartu zituen 70, 45 eta 23 kilometroko probetan. Bigarrenean, maratoi distantziakoan, ezbeharra gertatu zen: Jose Luis Garcia madrildarrak istripua eduki zuen, eta bertan zendu zen. Kolpe latz haren ondorioz, ekimenaren antolatzaileek eta Eskaladako eta Mendi Kiroletako Espainiako Federazioak (Fedme) lasterketa guztiak bertan behera uztea erabaki zuten.
70 kilometroko proba, Espainiako Ultra Txapelketarako puntuagarria izateaz gain, Munduko Txapelketarako sailkapen lasterketa ere bazen. Fedme-ren arautegiak zehazten dunaren arabera, istripuaren tankerako egoerengatik lasterketa eteteko erabakia hartzen denean, lasterkarien unean uneko sailkapena aintzat hartu beharra dago. Ultra distantziadun ibilbidean, istripua jazotzean, Oihana Kortazar Mutrikuko bizilaguna zihoan lasterketa buruan eta, horrenbestez, datorren irailean Urbionen jokatuko duten Munduko Txapelketarako txartela eskuratu zuen. Kortazarregaz batera, Gemma Arenasek, Julen Calvok eta Marc Ollek poltsikoratu zuten Munduko Txapelketara sailkatzea.