Markina-Xemeingo EH Bilduren agintaldiko lehenengo urtebetea "oso garrantzitsua" izan da
Agintaldian daramaten urtebetearen balorazioa egin dute. Hurrengo urteetarako agintaldi plan bat diseinatu dute, eta lau erronka nagusi finkatu dituzte: Markina-Xemein irekia, denona, zaintzailea eta herrikoia izatea.
Joan den ekainaren 17an urtebete bete zen Markina-Xemeingo EH Bilduk udal hauteskundeak irabazi eta udal gobernuan dagoenetik. Hori horrela, urtebetean indartu, sustatu eta aurrera eroan dituzten proiektuen berri eman nahi izan diete herritarrei, eta baita, hurrengo urteetarako plangintza aurkeztu ere.
Lehenengo urtebete hau “oso garrantzitsua” izan dela azaldu dute, “trantsizio hilabeteak” izan direlako. Adierazi dutenez, alde batetik, aurreko agintaldiko dinamika batzuekin apurtzeko beharra zuten. Bestalde, euren “esentzia” talde lana izanik, ezinbestekotzat jo dituzte praktikan ipini dituzten hainbat puntu: ardurak ondo banatzea, udal jardunaren erritmoak ezagutzea eta kideen arteko komunikazioa erraztea; alde horretatik “egokitzapen urtea” izan dela azaldu dute, taldearen kohesioa eta lan egiteko modua lantzeko.
Udal ekintza plana landu dute, eta lau erronka finkatu dituzte: Markina-Xemein irekia, denona, zaintzailea eta herrikoia izatea.
Era berean, “indar berezia” ipini nahi izan dute “udal gobernantza demokratizatzen” eta “eragileekiko kooperazioa sustatzen”, eta helburua lortu dutela uste dute. Horretarako, azaldu dutenez, helburu nagusia batzar parte hartzaileak berpiztea izan da, herrigintza aktibatu eta modu kooperatiboan gobernatzeagaz batera: “Erabakiguneak sortu dira, parte hartzeko komunikazio bideak gehitu eta erraztu”. Hala, fokua horretan ipintzeak bere fruituak eman ditu, eta batzar parte hartzaileetan eragile nahiz herritarren parte hartzea “inoizkorik altuena” izan da.
Bai helburuak betetzeko eta baita aurreko agintaldiko “iparrik gabeko” gobernantza ereduagaz apurtzeko ere, plangintza bati jarraitzea “ezinbestekoa” dela deritzote. Horregatik, eta herritarrekin gardenak izate aldera, agintaldi plan bat diseinatu eta zabaldu dute herritarren artean. Hala, herritar bakoitzak bere etxean jaso du udalaren udal ekintza plana; formatu digitalean ere zabaldu dute www.markina-xemein.eus web orrian.
[IKUSI UDAL EKINTZA PLANA HEMEN]
Lau erronka. Planean lau erronka nagusi finkatu dituzte: “Markina-Xemein irekia, denona, zaintzailea eta herrikoia” izatea. Hala, herri irekia izateko helburuagaz, udal gobernu “demokratikoago eta berdintzaileago” baten alde lan egin, eta horretan sakondu nahi dute. Horretarako, herritarren parte hartzea sustatu nahi dute, eta baita gardentasuna marka bezala garatu ere. Era berean, kulturartekotasunean ere sakontzen ari dira: “Herri honen aniztasuna balioan jarri nahi dugu, betiere euskaratik eta geure ondarea babestuz”.
Markina-Xemein denena izan dadin, herritar guztientzako aukera berdintasuna bermatu nahi dute, “genero, aniztasun funtzional, ahalmen ekonomiko zein jatorri ezberdinak izanda ere”. Arlo horretan, esaterako, etxebizitza politikak garatzen hasi da udala. “Erabaki txikiak” hartzen hasi dute ibilbidea, arlo horretan duten “eskumen urria” baliatuz: “Etxebizitza politikan sakontzeko asmoa daukagu agintaldi honetan. Herritar asko daude alokairuzko etxebizitza premian eta herrian etxebizitza hutsak daudela ikusita ezinbestekoa da esku hartzea”.
Orain arte udaletik ez da hezkuntza arloan sakondu, eta horretan hainbat pauso eman ditu udalak.
Herri zaintzailea izatearen helburua betetzeko, berriz, pertsonen elkar zaintza sustatzean gain, inguru naturalaren zaintza ere aintzat hartu nahi dute. Horretarako, beste hamaika jardueraren artean, Udal Energia Planean aurrerapausoak eman eta herritarrak energiaren inguruan ahaldunduko dituzte. Era berean, herriko espazioak hezitzaileak, lagunkoiak eta berdintzaileak izateko lanagaz jarraituko dute.
Azkenik, Markina-Xemein herrikoia izateko helburua betetzeko, herri bizia sustatu eta herrigintza aktibatu nahi dute, bertoko ondarea eta kultura babestuz. Herri herrikoia izateko bidean hainbat pauso eman dituzte jada, eta horietako batzuk, hezkuntzaren arloan eman dituzte: “Orain arte udaletik ez da esparru honetan sakondu. Guraso elkarte edota bestelako eragileekin (hezkuntza formal zein ez formalekoak) harremanak sendotu ditugu, Oinherriko kide egin da udala, Hezkuntza Foroa sortu dugu eta baita Umeen eta Gaztetxoen kontseilua ere”. Era berean, eragileekiko kooperazioa ere sustatu nahi dute, euren ahalduntzea indartuz; horretarako, hainbat hitzarmen blindatu eta sustatu dituzte eragileekin.
“Gogotsu eta indartsu”. Hori horrela, lehenengo urtebetea “oso trinkoa” izan dela ezin dela ukatu uste dute udal ordezkariek: “Zenbatu ezin diren lan ordu asko daude atzean. Hanka ere sartu dugu, seguru, eta akats horietatik ere ikasten ari gara”. Bidea irudikatzea “lehenengo lana” izan dela adierazi dute, eta hurrengo hiru urteetan irudikatutako horri heltzeko prest daudela adierazi dute: “Prest gaude, gogotsu eta indartu, eta herritarren laguntza eta babesa bihotz-bihotzez eskertzen ditugu”.