'Urte berri off' antzezlana estreinatuko dute abuztuaren 18an
Umorez beteriko antzezlana egongo da abuztuaren 18tik 25era, Bilbon. Bertan bertoko hiruk parte hartuko dute: Ugaitz Alegria, Iñaki Maruri eta Mitxel Santamarina. Sarrerak salgai daude BBK aretoko weborrian.
Dibertsiorik ez da faltako abuztuaren 18tik 25era bitartean Bilboko BBK aretoan estreinatuko den Urte Berri Off, Feliz 2025 gaztelerazko antzezlanean. Ugaitz Alegria ondarrutarra egongo da zuzendari laguntzaile lanetan eta aktoreen artean, bertoko beste bi herritar daude, Iñaki Maruri ondarrutarra eta Mitxel Santamarina gernikarra.
2024. urteari amaiera emango diote antzezlanean eta gabon zahar eguneko gala berezia grabatuko dute. Baina gala honek berezitasun bat izango du, “teknologia berrien garai hauetan, adimen artifizial handienak, NalA Tech, Bilbo aukeratu du 2024 urteari amaiera emateko gala bat egiteko. Programa hau adimen artifizialak idatzi eta zuzendu du, lehenengo aldiz”.
Maite Zalduegik zuzendutako antzerki honetan, lau aktore izango dira oholtzara igoko direnak: Iñaki Maruri, Mitxel Santamarina, Gurutze Beitia eta Maria Urcelay. “Garai desberdinetako pertsonaia ospetsuek gidatuko dute gala hau eta aurkezteaz gain, abeslari famatuen papera bete beharko dute, abestuz eta dantzatuz”.
Adimen artifizialak aukeraturiko lau aurkezle karismatiko hauek mundu guztian dira ezagunak. Iñaki Maruri aktorearen pertsonaia Galan da, Venezuelako aktore ezagun bat: “Galan oso ospetsua da Venezuelan, batez ere telenobelen munduan. Asko ligatzen du, oso karismatikoa eta gihartsua da. Oso guapoa, ile luzearekin”. Gabon zahar eguneko gala aurkezteaz gain, adimen artifizialak aukeratutako ikuskizun musikala egin beharko du bakoitzak eta El Fary bezalako abeslariaren abestiak kantatu beharko dituzte. “Adimen artifiziala arduratuko da gala emateko orduan aurkezleari ahotsa eta aurpegia aldatzeaz. Beste pertsonaiak influencer bat, mundu mailako miss bat eta erretiroa hartutako tertulietako aurkezle bat izango dira”.
Umorez beteko du BBK aretoa Urte Berri off, Feliz 2025 antzezlanak eta ikusleek ere parte hartzeko aukera izango dute. Antzezlanaren helburua adimen artifizialari kritika soziala egitea da, umoretik: “Fidagarria ote da guztia adimen artifizial baten eskuetan uztea? Zein kalte eragin dezake honek?”. Sarrerei dagokienez salgai daude BBK aretoko web-orrian.