"Gaztetxeak duen presentzia handitzeko aukera da"
Akerbeltz Gaztetxeko kideak izango dira karmenei hasiera ofiziala emateko arduradunak, hau da, pregoilariak. 15 urte beteko dituzten urtean balkoira aterako dira barikuan [uztailak 12]. Ezustekoak iragarri dituzte.
Akerbeltz Gaztetxeko kide dira June Pagaldai eta Eneritz Mendikute. Bariku [uztailak 12] arratsaldean udaletxeko balkoian izango dira karmenetako pregoian; bertatik, azken 22 urteetan Gazte Asanbladatik egindako lana aitortuko dute.
Zer esan nahi du Akerbeltz Gaztetxearentzat karmenetako pregoilari izatea?
Ohore handi bat da. Karmen Jaiak markina-xemeindar denontzako egun oso bereziak dira, eta txupinazoa are gehiago, hasiera ematen dielako. Gaztetxeak herrian duen presentzia handitzeko aukera ematen digu. Horrez gain, herritar guztien aurrean, bozgorailu bezala, gazteak guregana erakartzeko aukera bikaina dela ere uste dugu.
Imajinatu duzue momentua?
Dena ezin hobeto ateratzea nahi dugunez, justu herenegun probatxo bat egiteko aukera izan genuen udalatxeko balkoian. Aurreratu dezakegun bakarra da sorpresa bat prest dugula herritar guztientzako. Dena bikain aterako da; ez daukagu inolako zalantzarik.
Zein da pregoian zabaldu nahi duzuen mezua?
Akerbeltz Gaztetxeak 15 urte betetzen dituela erraz esaten dela, baina lan asko dagoela atzean. Horri esker, gaur egun gaztetxea bizirik eta indartsu dago. Akerbeltzen parte izan diren, gaur egun diren eta etorkizunean izango diren herriko gazteak goraipatu nahi ditugu, baita azken 22 urteetan Gazte Asanbladatik egindako lana azpimarratu ere. Azkenik, aipamen berezi bat egin nahiko genuke karmenetarako: edozein motatako erasorik gabeko jai batzuk nahi ditugula.
Zelan jaso zenuten albistea?
Jai batzordeko kide gara, bileretan izan gara, eta uste dugu 15 urte urtemuga berezia dela, ospatu beharrekoa, eta proposamena jaurti genuen. Herrian ez zegoen bestelako urteurrenik, eta begi onez hartu zuten. Oso eskertuta gaude horregatik.
15 urte ez direlako egunero betetzen.
Bidea luzea izan da. Kultur aretoko okupazioagaz hasi zen, horri esker egungo Akerbeltz Gaztetxea sortu zen. 15 urtetan lan asko egin da borroka desberdin askotan. Oztopoak ere izan ditugu bidean, pandemia, esate baterako. Horregatik, urtero, abendu hasieran urteurrena ospatzen dugu. Aurten gainera, egitarau berezia egin dugu 15. urteurrena merezi bezala ospatzeko.
Zelan dago gaur egun Akerbeltz Gaztetxea?
Sasoiko. Argi utzi dugu gaztetxea beti toki segurua dela eta denentzako leku eroso bat izatea nahi dugula. Espazioak, gainera, herriko beste eragile batzuekin elkarbanatzen ditugu, XAT eta Zerutxugaz, adibidez, eta horrek herri dinamikak aberastu besterik ez ditu egiten. Belaunaldi berriek Akerbeltz haien etxea bezala sentitzen dute, eta hori oso pozgarria da.
Eta aurrera begira, zer erronka dituzue?
Gaztetxearen eraikina ez da irisgarria, eta horregatik, lanketa egin nahi dugu. Gazteak guregana batzea gustatu litzaiguke. Baina, batez ere, Akerbeltzek herritar guztientzako espazio seguru eta eroso bat izaten jarraitzea.