Eraso matxistei aurre egiteko herri protokoloa egongo da Karmen jaietan
Udalak herriko eragileekin landu du protokoloa. Arreta Telefonoa eta Brigada Feministak egongo dira martxan. Herriko hainbat establezimenduk bat egin dute protokoloagaz.
Barikuan [uztailak 12] hasiko dituzte Karmen jaiak Markina-Xemeinen, eta gaur ipiniko dute martxan, era berean, Markina-Xemeingo Udalagaz batera herriko eragile, elkarte eta taldeek landu duten eraso matxistei aurre egiteko herri prokoloa ere.
Jaietan ematen diren gertaerak egunerokotasunaren proiekzio sozialak direla salatzeagaz batera, beharrezkotzat jo dute indarkeria matxistari aurre egiteko lanketa feminista txertatzea. Era berean, jaiak gune aske eta seguruak izateko bideari helduz, herritar guztien inplikazioa eskatu dute, denen arteko elkarlanagaz erasorik gabeko jaiak izan daitezen.
Azaldu dutenez, prozesu horrek aurrekariak ditu herrian. Izan ere, mugimendu feministak urteak daramatza jai feministak aldarrikatzen eta jaietan ematen diren erasoen lanketa egiten, eta azken urteetan Txosnagunean martxan egon den protokoloa da, besteak beste, prozesuaren aurrekaria. Herri protokoloagaz, elkarlanaren bidez, lanketa hori «herri mailara zabaltzeko pausoa» eman nahi izan dute.
Prebentzioari dagokionez, herria eraso matxistarik gabeko giroan kokatu behar dela adierazi dute, erasoen aurkako mezuekin: «Argi eta garbi esan eta egon behar du gure eremuetan ez dugula inolako erasorik onartzen, eta erasotzaileek ez dutela lekurik bertan». Erabili daitezkeen baliabideen hainbat adibide eman dituzte, esaterako, zapiak, pegatinak, kartelak, Brigada Feministen eta telefono zerbitzuaren puntuen kartelak eta iragarki laburrak.
Baliabideak, martxan. Eraso matxistarik egonez gero, hainbat baliabide eta zerbitzu egongo dira martxan, eta bi helburu izango dituzte: alde batetik, erasoak salatzeko eta erregistratzeko aukera ematea, eta bestetik, beharko balitz, erasoa jasan duenarentzat akonpainamendua eta aholkularitza eskaintzea.
Eraso matxisten arretarako eta erasoak erregistratzeko 747 41 37 09 telefonoa ipiniko dute martxan
Alde batetik, eraso matxisten arretarako eta erasoak erregistratzeko 747 41 37 09 telefonoa ipiniko dute martxan. Herri protokoloagaz lanean aritu direnek azaldu dute jaietan gertatzen diren eraso matxisten erradiografia ez dela errealitatera hurbiltzen: «Kontuan hartu behar da soilik salatu diren erasoak zenbatu eta ikertzen direla, eraso gehienak ez direla salatzen eta intentsitate baxuko erasoak ez direla eraso matxistatzat hartzen». Halaber, telefonoaren helburua jaietan gertatu daitezkeen eraso matxistak ekiditea da, eta gertatutako kasuetan, akonpainamendua ematea. Telefonoa martxan egongo da asteburuan; gaur 20:00etan ipiniko dute martxan, eta domekako 06:00ak arte egongo da behar duenaren eskura.
Arreta Telefonoaz gain, aurrez aurreko zerbitzua ere egongo da, Brigada Feministen gunean; gaurko 18:00etatik biharko 06:00etara, eta bihar 22:00etatik domekako 06:00etara egongo dira guneak martxan. Bertan indarkeria matxistari aurre egiteko bitartekoak eskuratu ahalko dituzte herritarrek, eta «babeslekua eta gune segurua» izango da. Azaldu dutenez, telefonoaren zerbitzu osagarri eta koordinatua izango da Brigada Feministen gunea: «Erreferentziazko puntu bat izatea da helburua. Beharrik balego, aurrez aurreko akonpainamendua ere bideratuko da bertatik».
Gune horiek herriko emakume feministen artean kudeatuko dituzte. Herritarrak indarkeria matxistaren gaiaz kontzientziatzea da gunearen helburuetako bat, baita herri protokoloaren inguruko informazioa zabaldu eta Arreta Telefonoko zerbitzuaren osagarria izatea ere. Herriko eragile eta elkarte desberdinak protokolora atxikitzeko lanketaz gain, herritarrengan kontzientziazioa eta jarrera aktibo orokorra lortzen saiatu dira. Hala, herriko tabernariek horretan duten garrantzia azpimarratu dute, eta euren inplikazioa lortu eta lanketa berezia egiten saiatu dira.
Hori horrela, herriko hainbat establezimenduk bat egin dute protokoloagaz: Babbel, Sakris, Tate, Patxua, Mayo, Mugarri, Iruzubi, Mendibil, Irurok, Vega, Buztarri, Uhagon, Opela eta Txosnagunea.
Gainerako zerbitzuak. Jaietara begira indarkeria matxistari aurre egiteko lanketa zehatza egin duten arren, lana urte guztian zehar egitearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute. Hala, urte guztian martxan dauden hainbat zerbitzu gogorarazi dituzte: Satevi, Aldarte, Berdindu! eta Lea-Artibai Mankomunitateko oinarrizko gizarte zerbitzua.