Herritarrek herritarrentzat egindakoak
Markina-xemeindar guztiak karmenetako ospakizunetan biltzeko egitarau zabala aurkeztu du jai batzordeak, besteak beste herri kirolak "berreskuratzen" dituena. Txosna batzordeak Txosna Eguna eguenetik astelehenera aldatzea erabaki du, "egun hori indartzeko". Bi batzordeek elkarlanean hautatu dituzte udalerriko jai nagusietan egongo diren "kontzertu handiak".
Karmenak herritarrez osaturik eta herritarrentzat eginiko ospakizunak izatea izaten da urtero Markina-Xemeingo Jai Batzordearen helburua, eta oinarri horri jarraitu dute aurtengo eskaintza prestatzeko lanketa prozesuan ere.
Jaiei begira egindako bileretan parte-hartzea “positiboa” izan dela nabarmendu dute jai batzordekoek. Azaldu dutenez, eskuartean duten egitaraua «talde ezberdinetatik botatako proposamenetatik» jaio da. Horregatik, denen artean adostutako jaiak aurrera eramateko, jai batzordean parte hartzea «garrantzitsua» dela azpimarratu dute: “Jendea batzordera hurbildu daiteke, bere proposamenak eta balorazioa emateko”.
Bileretatik berrikuntzaz beteriko egitaraua aurkeztea lortu dute. Izan ere, azken urteetan Karmen jaien aurreko asteburuan egin izan diren herri kirol erakustaldiak jaien egitarauaren parte izango dira aurten: “Berreskuratu egin dugu, jaien barruan sartu nahi izan dugu”. Domekan, esaterako, Emakumezkoen Euskal Herriko Trontza Txapelketa lehia hartuko du Markina-Xemeinek. Sei bikote arituko dira zelai inguruan, nor baino nor gehiago. Aizkolarien erakustaldia ere ez da faltako, eta Karmele Gisasola harri-jasotze lanetan ikusteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.
Iaz izenen gainetik plaza herriko zein inguruko musika taldeei eskaintzea otu zitzaien bezala, aurten egoera irauli nahi izan dute, eragile ezberdinen arteko lana baliatuta: “Gazteekin batzartu gara eta euren proposamenekin aurrera egin dugu: bertatik datoz gaurko eta asteleheneko kontzertuak”. Izan ere, txosna batzordearen aurtengo helburuetako bat Txosna Eguna —uztailak 15— indartzea izan da, horregatik, Markina-Xemeingo Udalagaz elkarlanean, jai batzordera jo eta kontzertuak eskatzea pentsatu zuten: “Kontzertu potenteak izango dira, eta espero dugu astelehena izan arren, jende asko hurbiltzea”.
“Lehen egunean sarrera erdiak saldu ziren, 125 inguru”
Bestalde, karmenetan errotutako ohitura da herri bazkariarena, milaka markina-xemeindar biltzen baitira bertan: “Urtetik urtera jende gehiago biltzen da eta antolatzeko nahikoa buruko min izaten den arren, izugarria izaten da. Imajinatu, 5.000 pertsonako herri batean, 3.000 lagun elkartzen gara”. Jan-edana izango dute ardatz Txosna Egunean ere, txosnaguneko afarian bilduko baitira: “Lehen egunean sarrera erdiak saldu ziren, 125 inguru”.
Herritarrak erdigunean. Txosna Eguna eguenetik astelehenera aldatzeaz gain, txosna batzordetik bestelako berrikuntzak ere aurkeztu dituzte: “Gazteak eta osasun mentala mahai-ingurua eta sormen tailerra dira horietako batzuk. Nobedadea da, elkarlanean aritu gara herriko sormen lantaldeagaz”. Tailerra 4 urtetik gorako ume eta gaztetxoei zuzenduta egongo da.
Lehenengo aldiz, barrakek ez dute musikarik ipiniko Markina-Xemeinen. “Egongo den musika bakarra udaletxetik bideratutakoa izango da”, azaldu dute jai batzordetik. Horrela, “euskarazko musika bermatuta” egotea bilatzen dute, ordutegia eta bolumena kontrolatzeagaz batera. Beste urte batzuetan ere neurri hori hartzeko «ahalegina» egin dutela nabarmendu dute, bertako bizilagunengan pentsatuta: “Ez dakigu nola joango den, proba pilotua izango delako. Uztailaren 17ko balorazioan ikusiko dugu ea funtzionatu duen”.
“Uztailaren 17ko balorazioan ikusiko dugu ea funtzionatu duen”
Herri banda, bueltan. Historian zehar hainbat musika banda egon dira Markina-Xemeinen, baina azkena 2016an desegin zen. 80ko hamarkadan bi ziren udalerriko txarangak: Gazte Doinu eta Tximista. 1983an Athleticek zazpigarren liga txapelketa irabazteagaz batera, baina, garaipena ospatzeko “jai egun handia” egin zuten eta biek bat egin zuten, eta hala mantendu ziren desagertu arte.
Txarangarik izan ez arren, musika grina bizirik mantendu da markina-xemeindarrengan. Horren isla da, aurtengo Karmen jaietan herritarrek osoturiko herri bandak hartuko dituela kaleak, danborradaren egunean. Egitasmoa Maddi Txurruka musikariaren eta udalaren «ideia eta lankidetzatik» sortu, eta herritarren, musikarien eta Tarine musika-eskolaren laguntzagaz errealitate bihurtuko da