Bederatzi haur saharar etorri dira aurten Ondarroa eta inguruko herrietara, ‘Oporrak Bakean’ programaren baitan
Ongi etorri beroa egin die Ondarroako herritarrek uda pasatzera etorri diren haur sahararrei, Yaalah Elkarteak harrera familien garrantzia azpimarratu du.
Ostegunean [uztailak 11] eman zien ongi etorria Yaalah Elkarteak Ondarroara eta inguruko herrietara uda pasatzera etorri diren ume sahararrei. Yaalah Elkarteko kideez gain, bertan egon ziren datozen hilabetetako haurren harrera familiak, eta baita, Ondarroako Udaleko ordezkariak ere. “Ondo etorri Basma, Mohamed, Salka, Mariem, Saleh, Raghia, Mohamed, Mahjfud eta Leila”, esanez eman zion hasiera harrera ekitaldiari Esti Arrutik, Ondarroako Udaleko Ongizateko Zinegotziak.
Bederatzi ume etorri dira aurten Ondarroa eta inguruko herrietara uda pasatzera eta Yaalah Elkartetik esker ona adierazi nahi izan die harrera familiei: “Oso programa garrantzitsua da guretzat Oporrak Bakean eta ez litzateke posible izango harrera familiarik gabe. Familiek eskaintzen duten konpromisoa oso azpimarragarria da”. Udaletik ere, figura hauen garrantzia goraipatu dute, “umeak zaindu, uda eder bat pasatzeko aukera eman, gure herria eta euskara erakutsi eta familia handitzeko konpromisoa hartzen dute. Udaletik ere herrian harrera familia gehiago egoteko lanean jarraituko dugu”.
Abuztu amaierara arte egongo dira haurrak Euskal Herrian eta Yaalah Elkarteak Saharako familiek egiten duten esfortzua mahaigaineratu nahi izan du: “Haurren familiek esfortzu handia egiten dute beraien 8, 9 eta 10 urteko haurrek Euskal Herrira bidaiatu dezaten, gehien maite dituzten pertsonek ezagutzen ez duten herrialde batean bi hilabete igarotzen dute, inguru ezezagun batean eta hizkuntza eta kultura desberdina duen herri batean”.
Ondarroako Udaletik Yaalah Elkarteak egiten duen lana erdigunean jarri eta eskerrak eman diote Elkarteari: “Urte guztian zehar elkarteak egiten duen lana baloratu eta eskertu nahi dugu”. Yaalah Elkarteak berriz, Ondarroako herriari eman dizkio eskerrik beroenak, “oso eskertuta gaude Ondarroako herriarekin eta herritarrekin, antolatzen dugun ekimen guztietan babesa adierazteaz gain, parte hartzen dutelako. Janari bilketan, familia harrera gisa, egiten ditugun materiala erosteko orduan, eta beste hainbestetan. Herria beti dago hor”.
Sahara aske baten alde borrokan jarraituko du Yaalah Elkarteak: “Helburua, Oporrak Bakean programa gehiago ez egitea izango litzateke, Sahara aske baten adierazle. Guk Euskal Herritik mendebaldeko Saharara bidaiatuko genukeen; sahararren herrira, hain zuzen”.