Jaiak eta kirolak bat egin dute sankristobaletan
Munitibarko San Kristobal jaiek Oiz magalean jaia piztu dute. Txopitturri Guraso Elkarteak antolatutako jaialdian, Obieta aita-semeen musikak girotu du jan-edana, eta Oizko Ermitara Igoera Bertikala egin dute. Ania Hernandez eta Julen Aranguena nagusitu dira.
Munitibartarrek goi-goitik ospatu dituzte San Kristobal jaiak, iragan asteburuan. Domekan [uztailak 14], ohiturari jarraituz, Oiz mendiaren magaleko San Kristobal baselizak eta inguruko landek jai giroa hartu zuten, Txopitturri Guraso Elkarteak antolaturik. Obieta aita-semeek beraien musikagaz berotu zuten ospakizun aldartea. 11:30ean, meza santua egin zuten baselizaren inguruan, eta ondoren ez ziren falta izan ez jana, ez edana.
Sankristobaletako berritasun nagusiaren txanda eguerdian, 12:30ean, iritsi zen: Oizko Ermitara Igoera Bertikala. Lehen aldiz egin zuten mendi lasterketa II. Igoera Herrikoien Ligaren bigarren proba puntuagarria izan zen. Lasterkariek 225 metroko desnibela gainditu behar izan zuten, kilometroa pasatxoko tartean. Hainbat jende hurreratu zen Oizko malda eta landetara, lasterkariei animoak ematera eta giroaz gozatzera.
Igoera osatzen lehenak Ania Hernandez gasteiztarra eta Julen Aranguena kortezubitarra izan ziren; emakumezkoen sailkapeneko garaileak, 12.57ko denboran borobildu zituen lanak, eta gizonezkorik azkarrenak, ostera, 10.15ean. Emakumezkoen sailkapena Itsasne Urkiaga zornotzarrak (14.09) eta Nahia Elezgarai berriatuarrak (15.01) osatu zuten; gizonezkoena, berriz, Ekaitz Lejarzegi ajangiztarrak (10.24) eta Xuban Muniozguren markina-xemeindarrak (10.27). Lehen munitibartarrei dagokienez, Enara Korta (21.58) gailendu zen emakumezkoen sailkapenean, denbora berbera egin zuen Olaia Martinen aurretik. Gizonezkoetan, Oskar Malatsetxebarria gailendu zen (12.12). Ligaren hurrengo geltokia zapatuan [uztailak 20] izango da: Legarmendira Igoera, Berriatuan.
Antolatzaileek lasterketaren estreinako aldia nota bikainagaz baloratu dute. Ia 40 parte hartzaile eta “giro mundiala” uztartuta, “oso pozarren” agertu dira: “Korrikalarientzat, lasterketa oso-oso gogorra izan da; ikusleentzat, ostera, ikusgarria”. Igoera Herrikoien Liga “bide oso onetik” doala nabarmendu dute, eta Muinitibarkoa “hitzordu oso polita” izan dela apimarratu.