"Sekulakoa" izan da Nolatu Festibala
XVIII. Plazakua emanaldiagaz amaitu zuten astea Lekitto Musika Bandakoek.
Eman zezaketen dena emanda amaitu zuten Lekitto Musika Bandakoek joan den astea. Nolatu Festibalak jende ugari elkartu ditu herriko kaleetan, eta sentsazio “oso onarekin” amaitu dute astea antolatzaileek. Urtzi Iriondo Lekitto Musika Bandako zuzendariak eta festibalaren antolatzaileak adierazi duenez, “sekulakoa” izan da astea: “Oso ondo joan da dena. Nekatuta gaude, baina herri mailan oso harrera ona eduki du; herria festibalarekin asko inplikatu da. Sentsazioa geratu zaigu gauzak ondo egin ditugula, eta oso pozik gaude”.
Barikuan [uztailak 12] eman zieten amaiera festibalari, herritarren artean errotuta dagoen XVIII. Plazakua kontzertuagaz. Aurtengoan desberdina izan da, baina, kontzertua: “Urtero bezala kontzertu berezia izan da, baina aurtengoan are gehiago”. Big band formatuan, talde handiaren formatuan, heldu zen Plazakua: “Uste dut Lekittoko Bandak eman duen salto kualifikatiborik handienetarikoa izan daitekeela. Swinga oso konplexua da, eta harrituta nago lortu dugun maila jendeak zelan eskertu digun”. Era berean, eurena errefortzatu eta swinga “oso ondo” dominatzen dituzten musikariak ekartzea pentsatu zuten, eta hala jo zuen eurekin batera Eder Portoles abeslariak ere: “Sekulako big banda bihurtu zen”.
Eguenean [uztailak 11], berriz, “egun berezienetakoa” izatea espero zuten, eta euren aurreikuspenak bete egin zituen egunak: “Zoragarria izan zen. Banda guztia New Orleanseko musikari bezala jantzita ikustea, eta Swingvergüenzas dantzari gasteiztarrak dena ematen ikustea Lekeitioko kaleetan sekulakoa izan zen. Ordu eta erdiko kalejira egin genuen, eta herriak babesti gintuenaren sentsazioarekin amaitu genuen”. Gauean, berriz, Mogumbo Brass Band ibili zen herriko kaleetan zehar, eta “sekulako ikuskizuna” eman zuten: “Maila altuko taldea da, eta nahiz eta gaueko orduetan izan kalejira, jende mordoa etorri zen atzetik”.
Portoles abeslariak Plazakuan parte hartzeaz gain, eguaztenean [uztailak 10] ere kontzertua eskaini zuen, Alainegaz batera: “Zubieta Hotelean eskaini zuten kontzertua, eta jendea ibiltzen den zirkuitutik apur bat kanpo geratzen den arren, harrituta geratu ginen etorri zen jende kopuruarekin. Zubieta goraino bete zen; bertakoak ere oso pozik geratu ziren, eta eskerrak eman nahi dizkiegu hau dena egiten laguntzeagatik”. Gauean, aldiz, Malwina Masternak Quartet taldearen txanda izan zen, eta hura ere “sekulakoa” izan zen: “Hor ere harrituta geratu ginen etorri zen jendetzarekin
Festibalaren lehenengo bi egunak ere [uztailak 8 eta 9], “ezin hobeto” igaro zituzten. Zulua tabernan Fermin Muguruzaren Nola? dokumentala ikusi zuten: “Zuluan egitearekin bete-betean asmatu genuen. Oso ondo joan zen, eta oso polita izan zen. Gainera, Isuntza tabernako Kiusek eta Luisek taberna itxi eta Zuluara joan ziren laguntzera”. Martitzenean eguraldiari begira egon ziren arren, azkenean “sekulakoa” izan zen emanaldia: “Konpainiako elizan Blue Velvet Gospel Singers taldeak eskaini zuen kontzertua, eta eliza bete-bete egin zen, kanpoan jendea zutik geratu zen. Amaitu eta gero jakin genuen gaueko orduetan Lekeitioko portuko terrazetan abesten egon zirela kontzertuaren ostean; sekulakoa izan zen halako ahotsak eta halako pasioagaz abesten ikustea”.
Eskerrak. Herritarren babesa eskertzeagaz batera, bidean izan dituzten beste hainbat laguntzaileri ere eskerrak eman nahi izan dizkio Iriondok: “Bandarekin horrenbesteko erlazioa eduki ez arren, ez dute zalantzarik egin guri laguntzeko. Jon eta Gorka Akarregik, Flaipuk, Mariak, Markesek, Kasimirok eta Galok, bakoitzak bere elkartean bazkariak antolatu dizkigute hiru egunetan, eta asko eskertzen dugu hori”. Era berean, bandako hiru kide, “hiru altxor” ere aipatu nahi izan ditu Iriondok: “Benetan eskerrak eman nahiko nizkieke Bittor Txakartegi, Ibone Ibazeta eta Itsaso Sesmari: eurek gabe ezingo litzateke hau aurrera atera. Horiek dira bandako eta herriko altxorrik handienetarikoak. Laurok osatu dugu taldea, eta sekulakoa izan da”.