Herriko eragile eta tabernekin eraso matxisten kontrako protokoloa lantzen ari da Ondarroako Udala
Zapato Azulari begira egin zuten ikasturte honetako lehen saioa eta Andra Mari jaiak datozela kontuan hartuta, uztailaren 23an egongo da bigarrena, 16:00etan Etxelilan
Azken urteetan eraso matxistei aurre egiteko protokoloaren lanketan jarri du begirada Ondarroako Udalak eta aurten ere, prozesuarekin jarraituz ikasturteko bigarren saioa egingo dute; uztailaren 23an, 16:00etan Etxelilan, uztailaren 18a baino lehen eman beharko da izena. Herriko tabernekin, kolektibo desberdinekin zein txosnagunearekin egingo dute lanketa, jaietan eman ahal diren eraso matxisten prebentzio gisa: “Egoera nola dagoen ikusita beharrezkoa ikusten dugu herriko eragile eta tabernekin lanketa hau aurrera eramatea. Egunerokotasunean ematen diren erasoak kontuan hartuta, jai giroan, areagotu egiten dira eraso matxistak tamalez. Prebentzioa helburu izanik, herritarren kontzientziak piztu eta egoera larri honen aurrean jarrera aktiboa sustatzea da saio honen muina”, aipatu du Naiara Burgoa Lizarraga Ondarroako Udaleko Berdintasun Zinegotziak.
Eraso matxistei aurre egiteko orduan bi erpin desberdin aipatu ditu Berdintasun Zinegotziak: arreta zerbitzua eta protokoloaren lanketa. “Arreta zerbitzuari dagokionez, momentuko erantzuna edo babesa jasotzeko balio du, erasoa jaso duenak edo baita zalantzaren bat daukan edonork, orientazio bezala. Protokoloa prebentzioan eta lanketan oinarritzen da eta gure helburua urte guztiko lanketa bat egitea da, ez soilik jai giroan bertan, erasoak edozein unetan ematen baitira”. Lanketa saio hauek taberna edo eragile desberdinekin egin dira momentuz baina aurrerantzean herriko eragile, norbanako, taberna edo jatetxe guztiekin egitea da udalaren asmoa, edonork izango du parte hartzeko aukera: “Ondarroan eraso matxistak onartzen ez direla argi erakustea da helburuetako bat, eta ematen diren momentuan, herriak erantzuna ematea”.
Herritarren kontzientziak piztu eta jarrera aktiboa sustatzea da saioaren helburua.
Ondarroako Emakumeen Udal Berdintasun Kontseilutik eta Berdintasun Sailetik “positiboki” baloratu da orain arte egindako lana eta urtez urte, taberna eta eragile gehiagok parte hartzen dutela aipatu du Naiara Burgoa Lizarragak: “Zoritxarrez, erasoak ematen direnean sortzen dira gai honi buruzko beldur eta ezinegonak eta honek, erasoen aurrean, jarrera aktibo bat izateko beharra sortzen du. Ondorioz, Zapato Azulera begira taberna gehiagok hartu zuten parte eta espero dugu, Andra Mari jaietara begira ere gehiago batzea. Lanketa konstante bat beharrezkoa da eta pausoz pauso kontzientziak pizten joatea da helburua, maratoi luze bat da eta egindako lanak ondorio positiboak ere baditu, gutxinaka herrian geroz eta espazio seguru gehiago sortuz”.
Iazko lan saioetan eragile eta tabernak beraien artean babesteko helburuarekin, “sare” bat sortzeko ideia izan zuten: “Taberna eta eragileek elkarren arteko koordinazio baten beharra ikusi zuten elkar babestu eta informazioaren trukea egiteko. Beraien inplikazioaren adierazle da hau”.
Parte hartu duten tabernak identifikatzeko bereizgarri bat izango dute eta gainera, Ondarroako Udaletik protokoloaren lanketaren inguruko saioak jaso dituzten taberna eta eragileen zerrenda argitaratuko da, “herritarrek eta Ondarroara datorren edonork jakin dezan, eraso bat jaso eta salatzeko orduan, nora zuzendu daitezken”.
Herriaren ardura. “Herri guztiaren ardura” dela aipatu du Burgoak eta Ondarroako eragile eta tabernei saioan parte hartzeko deia luzatu die: “Herri guztiaren ardura da eraso matxistei aurre egitea”. Saioetan eraso matxisten kontrako protokoloaren nondik norakoak landuko dituzte: prebentzioa, esku-hartzea eta erantzuna. “Asko kostatzen zaigu eraso bat zer den identifikatzea. Erraz identifikatzen ditugu intentsitate altuko erasoak baina oso normalizatuta ditugu intentsitate baxukoak. Erasoak zer diren landu eta intentsitate altukoak zein baxukoak izan, eraso guztiek erantzuna behar dutela azpimarratzen dugu saioetan”. Ondarroako Udaletik lanean jarraituko dutela adierazi du Berdintasun Zinegotziak, “Ondarroa eraso matxistarik gabeko herria izateko lanean jarraituko dugu, gune seguruak eraiki eta erasoen aurrean erantzunak emanez”.
Erasoak zer diren landu eta intentsitate altukoak zein baxukoak izan, eraso guztiek erantzuna behar dutela azpimarratzen dugu saioetan.