Barandikak eta Lopezek ez dute ezusterako tokirik utzi
Gernikarrak bigarren urtez jarraian jantzi du txapela Markina-Xemeingo Grand Slamean, ostera ere finalean Ion Ibarluzeari irabazita.
Markina-Xemeingo Uni frontoian atzo [uztailak 16] ez zegoen tokirik. Herriko Karmen Egun handian bai tokia uzten dutela beti Markina-Xemeingo Grand Slameko final handirako. Hain zuzen ere, Xabi Barandikak eta Imanol Lopezek haien ofizioa eta sendotasuna baliatu zuten Jean Olharan eta Ion Ibarluzea 2-0 irabazteko. Ez zuten ezusterako tokirik utzi.
Harmailak herriko semearekin eta bere bikotearekin joan baziren ere, kantxan kolore marroia nagusitu zen, hasi eta buka. Lehen jokoan 10-3 aurreratu ziren oso arin eta abantaila kudeatu besterik ez zuten egin. Olharan saiatu zen jokoa nahasten, baina ohi baino gehiago arriskatu behar izan zuen horretarako, eta hutsak egin zituen. Ibarluzeak ere arazoak izan zituen pilotak sartzeko, gernikarrak min handia eragin zuen errebotetik. 15-7 nagusitu dira.
Bigarrenean ere ez zuten zulorik aurkitu haien aurkariengan. Beteranoak dira Lopez eta Barandika, ondo elkartzen ulertzen dute eta txapelketa aurretik aurkeztutako hautagaitza egi bihurtu dute. Atsedenaldira 8-4 joan ziren aurretik. 11-5 alde egin zuten markagailuan, aldea ikusita, gehiago arriskatu behar izan zuten horiek, eta ez zitzaien nahi bezala atera. 15-8 irabazi zuten bigarren seta.
Barandikak bigarren urtez jarraian jantzi du Markina-Xemingo Grand Slameko txapela. Sasoiko itzuli da gernikarra kantxara belauneko lesio larriaren ostean. Lopezek, berriz, uda sasoiko bere lehen txapelketan ere txapela jantzi du, Estatu Batuetan zenbait hilabetetan aritu eta gero.
Aukera bat. Bigarren partidan, markina-xemeindarren arteko neurketan, Arbek eta Salegik 2-1 (12-15, 15-11, 5-3) irabazi diete Celaya eta Atain gazteei. Hain zuzen ere, Arbek eguenean [uztailak 18] aurkeztuko duten Gernika-Lumoko Grand Slamean sartzeko aukera du. Eguenean [uztailak 18] aurretiazko kanporaketako finala jokatuko du Urrutxuagaz batera Urreisti eta Zabalaren kontra. Barikuan [uztailak 19] hasiko da ere Mutrikuko Masters Series.