Dena prest Itxas Soinua musikaldiagaz hasteko
Barikutik domekara [uztailak 19, 20 eta 21] Gau Klasikoak ospatuko dituzte, eta uztailaren 25 eta 26an, berriz, Gau Modernoak. Kontzertuetara joateko sarrerak eta bonuak salgai daude.
Azken prestakuntza lanekin dabiltza Itxas Soinua Musikaldiko antolatzaileak. Aurten izango da lehenengo aldia Martin Ibarrolaza ez dena musikaldia antolatzen ibili, izan ere, Oihana Etxabek eta Mikel Gabiolak hartu dute Ibarrolazaren erreleboa. Hori horrela, urduritasuna, gogoa, ilusioa eta beste hainbat emozio elkartuta emango diote hasiera musikaldiaren 44. aldiari barikuan.
Aurten egin dituzten aldaketak ez dira, hain zuzen ere, gutxi izan. Musika klasikoak protagonista izaten jarraitzen badu ere, musika modernoa ere bere tokia hartzen hasiko da musikaldian. Izan ere, Gau Klasikoak eta Gau Modernoak edukiko dituzte aurtengoan; barikutik domekara [uztailak 19, 20 eta 21] musika klasikoak hartuko ditu Lekeitioko txoko guztiak, eta uztailaren 25ean eta 26an, berriz, modernoak.
Hala, Euskadi Brass taldea arduratuko da musikaldiari hasiera emateaz, barikuan [uztailak 19], 22:00etan, Andra Mariaren Zeruratzea Basilikan. Duela hamar urte etorri ziren lehenengoz Euskadi Brass taldeko kideak Itxas Soinua Musikaldira, euren debutean; aurten, euren hamargarren urteurrena ospatu eta disko berri baten aurkezpenagaz helduko dira Lekeitiora.
Zapatuan [uztailak 20] ere, ospakizun eguna izango da. Oiasso Kamerataren txanda izango da, eta horiek ere, euren hamargarren urteurren ospakizunetan murgilduta dabiltza. Orkestra “txiki” bat izango da 22:00etan, Andra Mariaren Zeruratzea Basilikan ikusi eta entzun ahalko dena.
Gau Klasikoekin amaitzeko, domekan [uztailak 21], 20:00etan, Vocalia Abesbatzaren txanda izango da. Basilio Astulezen zuzendaritzapean, emakumeen ahotsez osatutako koroak hartuko du basilikako oholtza. Arima Sakra proiektua aurkeztuko dute: “Oso errepertorio polita eskainiko dute. Oraintxe Galiziako festibal batean egon dira, eta euren partaidetzak biribildu du jaialdia. Gainera, aurreikuspen oso indartsua dute epe motzerako, izan ere, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin proiektuko bat egingo dute”.
Gau Modernoak, Ikusgarrin. Basilikatik Ikusgarri zinema aretora salto egingo dute emanaldiek. Antolatzaileek azaldu dutenez, Lekeitioko eliza “zoragarria” den arren, akustika arrazoiengatik egokiago ikusi dute Gau Modernoak Ikusgarrin egitea: “Argi daukagu elizan kontzertua eskaintzeko formatu egokia duten taldeek distira asko egiten dutela bertan, baina Gaur Modernoetarako behar dugun soinuarekin ez da horren bateragarria. Toki lehorrago bat behar genuenez, zineman egingo ditugu Gaur Modernoak”.
Hori horrela, Aldapeko Basque Latin Jazz taldeak estreinatuko du, lehenengoz, Gau Modernoen atala. Uztailaren 25ean, 20:00etan euskal doinu tradizionalak erritmo latinoamerikarrekin nahastuta entzuteko aukera egongo da. Uztailaren 26an, aldiz, ordu eta toki berean eskainiko du Xahu Quartet laukoteak euren emanaldia. Jazza oinarritzat hartuz, Gero gerokoak euren azken diskoko lanak aurkeztuko dituzte. Tartean, gainera, Lekeitiorekin “lotura zuzena” duten musikariak ere egongo dira: Unai Olabarri bateri jotzailea eta Josu Salegi saxofoi jotzailea.
Aldaketa ugari. Gau Modernoak gehitzeaz gain, beste hainbat aldaketa ere egin dituzte. Antolaketan ez ezik, ikus-entzuleek kontzertuetan ere aldaketak nabarituko dituzte: “Dekorazioak beste formatu bat edukiko du, aurkezpenak ere ez ditu pertsona batek egingo, off ahotsarekin egingo ditugu jazzaldietan bezala… Halako xehetasun batzuk ipini ditugu, batez ere, gaur egungo gizartera ekartzeko musikaldia”.
Musikaldia gaurkotzeagaz batera, beste helburuetako bat gazte nahiz herritarrak musikaldiaren parte izatea zen, eta lortu dute hori ere: “Egun bakoitzean Lekeitioko herritar gazte talde bat ibiliko da boluntario lanetan: leihatilan egoteko, laguntzaile moduan egoteko… Hori ere bazen helburua, herritik sortutako musikaldia denez, herritarrak ere bere parte izatea”.
Hala, sarrerak egunean bertan salgai egongo diren arren, www.itxasoinua.com orrialdetik erostea gomendatu dute. Sarrerez gain, egunean bertan musikaldiko poltsak ere salduko dituzte. Era berean, web orrialdetik kontzertuetarako abonuak erosteko aukera ere egongo da: Gau Klasikoetarako, Gau Modernoetarako edo bi gauetarako. Gainera, 26 urtetik beherakoek gazte abonua erosteko aukera ere izango dute.