Bizi osoko lanaren aitortza
Asteburuan estreinatuko da 'Felix Beristain Amallobieta, azken euskal kostunbrista' dokumentala Ondarroan.
Ondarroa eta Sarria, bat Bizkaian eta bestea Araban. Bat jaioterria eta bestea, bizilekua. 30 urte baino gehiago daramatza Felix Beristain Amallobieta margolariak Sarrian bizitzen, eta bizi oso bat margotzen.
Bi urteko prozesuaren ostean, zapatuan aurkeztuko dute Felix Beristain Amallobieta, azken euskal kostunbrista dokumentala. Eloy Gonzalez Gavilan eta Jose Emilio Gomez Bustoren gidaritzapean egindako lana Ondarroako Kofradia Zaharreko bigarren solairuan estreinatuko da. “Prozesu oso landua izan da, puzzle bat egitea bezala. Pozik geratu gara emaitzarekin. Maitasun handia jarri diogu”, aipatu du Jose Emilio Gomezek.
Aktualitatetik enfokatu dute dokumentala eta margolariaren egunerokotasuna islatu nahi izan dute: “70 urteko ibilbide luzea eta gero, margolaritza motortzat dauka oraindik Beristainek eta guzti hori erakutsi nahi izan dugu ikus-entzunezkoan. Gaur egun kultura ez dago momentu onean eta horrelako lanak erakustea beharrezkoa da. Felix Beristain Antonio Lopez bezalako artistekin parekatu daiteke baina batzuk beti daude erakusleihoan eta beste batzuk beti ezkutuan”. Lan honekin, Beristainen lana erakutsi eta lehenengo lerroan jarri nahi izan dute, nolabait, margolaria eta bere lana erreskatatzea izan da helburua.
Felix Beristainen egunerokotasuna osatzen duten pertsonez gain, euskal kulturan ezagunak diren pertsonaiak ageri dira dokumentalean, besteak beste, Benito Lertxudi eta Kirmen Uribe, “Lanerako musika bila genbiltzala heldu ginen Benito Lertxundirengana, musika beharrezkoa baita horrelako lan batean. Margolariari asko gustatzen zaion abeslaria da Lertxundi eta bide luze baten ostean berarekin harremanetan jartzea lortu genuen. Elkar ezagutzeko aukera izan zuten. Momentu polita izan zen eta hori ere dokumentalean sartu genuen”. Musikari dagokionez, Zuriñe F. Gerenabarrena eta Alfredo Espinar izan dira, borondate guztiarekin, ikus-entzunezkoan musika jarri dutenak. “Kirmen Uribe kasualitatez aurkitu genuen Ondarroan. Margolariak eta berak harremana daukate, gainera, Uriberen Bilbao-New York-Bilbao liburuan Beristainen eta bere familiaren testigantzak ageri dira”, azaldu du Gomezek.
Zuzendariek argi zeukaten lan errealista bat egin nahi zutela eta Ondarroako herriari zeukan lekua eman behar ziotela, “ohorea eta plazera da guretzat gure mugetatik atera eta Ondarroan dokumentala aurkeztera. Felix Beristain ezaguna da herrian baina gazteek ez dute ezagutzen, beraz, herriari bere pintorea bueltatu nahi genion”.
Orokorrean gaztelaniazko dokumentala den arren euskarazko zatiak ere baditu eta aurrea begira, zuzendarien helburua, euskarazko itzulpena egitea da: “Hizkuntza biak ageri dira ikus-entzunezkoan baina egia da, lana bera, gaztelaniaz dela. Euskarazko zatiak ageri direnean azpitituluak gaztelaniaz jarri ditugu, eta gaztelaniazkoetan, alderantziz. Pello Ramirez izan da itzulpen lanetan lagundu diguna. Hori bai, hurrengoan lana euskaratzea izango litzateke gure nahia”.
Asteburu honetan, zapatuan [uztailak 20] eta domekan [uztailak 21], egongo da ikusgai Ondarroako Kofradia Zaharrean, zapatuan 18:00etan eta 20:00etan eta domekan 13:00etan eta 19:00etan. Aurrera begira beste bi saio egingo dituzte, abuztuan Sarrian egongo dira eta urrian Gasteizen: “Saio hauez gain, dokumentala interesatzen zaion edonoren eskuetan jartzea da gure helburua”.
Kulturaren aldeko aldarria eginez, dokumentala ikustera hurbiltzeko deia egin du Gomezek: “Kulturaren aldeko apustua egitea beharrezkoa da, Felix Beristain bezalako sortzaileak presente izan eta ez ahazteko. Kultura ezin dugu alboratu, gure herriko kulturgileak gogoan izan behar ditugu, beraiek ere euskal kulturaren parte baitira”.