Erkiagak eta Ibarluzeak Gernikako Grand Slama jokatuko dute
Horrez gain, Arbek edota Urreistik eta Zabalak ere sailkatzeko aukera dute, gaur [uztailak 18] jokatuko dute aurrekanporaketako finala.
Azken ukituak besterik ez dira falta Gernikako katedralean. Zapatuan [uztailak 20] abiatuko da Gernikako Grand Slama, eta zesta-puntaren katedrala prest dago momentuko puntistarik onenak hartzeko. Zazpigarren urtez lehiatuko dute txapelketa 12 pilotarik sei bikotetan eta bi multzotan banatuta, zapatuan hasi eta abuztuaren 17ko finalera bitartean. Partidu guztiak zapatuetan 21:00etan hasita lehiatuko dituzte.
A multzoan ariko dira Erkiaga-Mantzi, Barandika-Basque eta aurre kanporaketa faseko irabazlea; Arbek eta Urrutxuak Urreisti eta Zabalaren aurka lehiatuko dute gaur [uztailak 18], 19:00etan, aurre kanporaketa Jai Alai frontoian. B multzoan, berriz, Olharan-Gorka, Laduche-Ibarluzea eta Johan-Lopez ariko dira.
Bikoteei erreparatuta, Johanek eta Lopezek osatutako bikotea dute faborito puntista gehienek, eta hala berretsi dute Erkiagak, Ibarluzeak zein Barandikak. Hala ere, Barandika-Basquek eta Erkiaga-Mantzik osatutako bikoteak nabarmendu dituzte lehiakideetako askok.
Gernikako katedralera itzuliko da berriro Barandika, urtebete bertan jokatzeko aukerarik izan ez eta gero; uda garaian lesionatu zen iaz, eta ezin izan zuen Winter Seriesa bertan lehiatu. Hala ere, momentu bikainean ailegatzen da, ze Markina-Xemeinen irabazi ostean, Gernikan errepikatu nahi du garaipena.
“Johan-Lopez bikotea dago, eta kiniela denetan eurak izango dira faboritoak. Hala, eurak finalerdietan ekiditeko forma da lehenengo gelditzea”
Goi mailako atzelaria izango du lagun, Basquegaz bikote “gogorra” osatuko baitu. “Basquegaz iaz jokatu nuen azken aldiz, Markina-Xemeinen, eta ondo joan zitziagun, ze txapelketa irabazi genuen. Baina Gernikan aritzeko gogotsu nago”, azaldu du aurrelari gernika-lumotarrak. Oraindik ez dagoela bere mailarik onenean dio, baina badoala “apurka-apurka” erritmoa hartzen.
Irabaztea du helburu, baina badaki bidea “zaila” izango dela. “Erkiagak eta Mantzik bikote indartsua osatzen dute; bikote segurua da. Nabarmentzen den beste bikoteetako bat da Johan eta Lopezena. Johan momentu oso onean dago, gaztea da, gogorra, eta gainera, Lopez dauka atzean. Denok ezagutzen dugu atzelaria, eta beragaz jokatzen duena beti da faborito”. Hala ere, bakoitza “erritmoz eta jokoz” zelan ailegatzen den ikusiko dutela diote.
Egungo txapelduna da Erkiaga, Del Riogaz batera irabazi baitzuen txapelketa iaz. Aurten, Mantzigaz ariko da, eta finalerdietara sailkatzea jarri du lehen helburutzat. “Taldean Barandika-Basque bikotea daukagu, eta bestea aurrekanporaketatik sailkatuko dena. Baina horrek ez du esan nahi bikote txarra denik. Bilbon Urrutia-Del Rio heldu ziren finalera. Beraz, argi ibili behar gara, ezin gara fidatu. Gainera, lehenengo partidua euren aurkakoa izango da, eta eurak ere gogotsu egongo dira”, argitu du ispastertarrak.
Mantzik eta berak elkar ezagutzen dute, Lekeition garaipena eskuratuz. “Baina Gernika ezberdina da: frontoi handia da, hemen akats asko agertzen dira eta bera sartzailea da oso. Ez du gogor bidaltzen, baina ahaleginduko gara guk gure indarguneak aberasten eta ahuleziak ezkutatzen. Ea hori lortzen dugun”, gehitu du aurrelariak. Gakoa multzoburu izatea dela onartu du: “Beste multzoan Johan-Lopez bikotea dago, eta kiniela denetan eurak izango dira faboritoak. Hala, eurak finalerdietan ekiditeko forma da lehenengo gelditzea”.
“Nire ezaugarrietara egokitzen den frontoia da, eta oso gustora aritzen naz bertan. Gogotsu nago”
Azken sei partidetatik lau galdu ditu. Hala ere, bolada horregaz amaitu gura du. “Irabazten nuenean esaten nuen ez nuela atzera begiratuko ez nintzelako horren ona, eta orain ez dut atzera begiratuko ez pentsatzeko txarra naizenik. Partidutik partidura ariko gara”, dio.
Pausoz pauso joango da, baita ere, Ibarluzeak eta Laduchek osatutako bikotea. Markina-Xemeindarrak titular modura bere lehen Gernikako Grand Slama lehiatuko du, iaz Lekerika ordezkatu baitzuen. Hala ere, ondo ezagutzen du frontoia, bertan irabazi zuen-eta otsailean Winter Series txapelketa, Erkiagagaz batera. Oraingoan, baina, Laduchegaz ariko da. Laduchegaz duela bi urte ere lehiatu zuen, eta “maila ona” eman zutela gogoratu du Ibarluzeak: “Elkar ondo ulertu eta gustura aritu ginen. Sekulako maila ematen ari da; ea maila ona eskaintzen dugun Gernikan ere bai”.
Lehen helburua partidaren bat irabazi eta finalerdietara sailkatzea da eurentzat. Behin finalerdietara sailkatuta, “ahalik eta ondoen jokatzea” da euren asmoa. Multzo gogorra egokitu zaie: “Lopez sekulako maila erakusten ari da eta Johan ere maila onean dago. Beraz, faboritoak dira. Olharanek eta Gorkak osatutako bikotea, berriz, gure antzeko bikotea da. Eurak ere ondo dabiltza eta hortxe egongo da sailkapenaren borrokan”, onartu du
Winterreko oroitzapenak “onak” dira, eta horiek errepikatu gura ditu, Gernikan gustora aritzen delako: “Kantxa luzea da, eta rebesagaz ere jokatzen dut. Beraz, nire ezaugarrietara egokitzen den frontoia da, eta oso gustora aritzen naz bertan. Gogotsu nago lehiari ekiteko”.
Egutegia:
- Uztailak 20. Ligaxkako 1. jardunaldia:
- Johan-Lopez vs Olharan-Gorka (B multzoa)
- Ekiaga-Manzti vs. Arbe-Urrutxua/Urreisti-Zabala (A multzoa)
- Uztailak 27. Ligaxkako 2. jardunaldia:
- Laduche-Ibarluzea vs. 1.jardunaldiko irabazlea (B multzoa)
- Barandika-Basque vs. 1.jardunaldiko irabazlea (A multzoa)
- Abuztuak 3. Ligaxkako 3. jardunaldia:
- Laduche-Ibarluzea vs. 1.jardunaldiko galtzailea (B multzoa)
- Barandika-Basque vs. 1.jardunaldiko galtzailea (A multzoa)
- Abuztuak 10. Finalerdiak
- Abuztuak 17. Finala.