Goi-goitik ospatuko dituzte Madalen jaiak Aulestin, Berriatuan eta Ziortza-Bolibarren
Aulestin Urriolan zapatuan [uztailak 20], Berriatuko Madalenan barikutik astelehenera [uztailaren 19tik 22ra] eta Ziortza-Bolibarko Zeinke-Ziarregin zapatuan eta domekan [uztailak 20 eta 21] ospatuko dituzte jaiak.
Lea-Artibai bizi-bizirik dagoenaren erakusgarri dira bertoko jaiak. Herri handiagoez gain, herri txikietako auzoetan ere badute zer ospatua asteburuan, eta Madalen jaietan murgilduko dira aulestiar, berriatuar eta ziortza-bolibartar denak. Prestakuntza denak amaituta dituzte tokian tokiko jai batzordeek, eta gogoz eta ilusioz daude eguna heltzeko zain.
Jaiekin hasten lehenengoak berriatuarrak izango dira. Madalena auzoko hamabost kide inguru ibiltzen dira jaiak antolatzen, eta aurtengoan hiru eguneko egitaraua aurkeztu dute. Bariku [uztailak 19] iluntzean emango diete hasiera jaiei, txupinazoagaz eta kanpai hotsekin.
Barikuan hasiko dituzten arren, zalantzarik barik, zapatuan [uztailak 20] elkartuko da jende gehien auzoan. Iaz lehenengoz antolatu zuten Legarmendi kilometro bertikala, eta aurten errepikatu egingo dute: «Iaz oso ondo erantzun zuen jendeak. 50 partaide inguru egon ziren, eta horietatik 15 inguru izan ziren emakumeak». Aurten gainera, gehigarri batekin dator kilometro bertikala, izan ere, II. Igoera Herrikoien Ligako hirugarren proba da Berriatukoa: «Horrek beste garrantzia bat ematen dio probari».
Eguerdiko mezaren ostean Urtza herri kirol taldeak erakustaldia eskainiko du, eta jarraian, bazkaritarako elkartuko dira auzotarrak: «Lehen herri bazkaria egiten genuen, baina konpromiso handiegia da guretzat, eta azkenengo urtetan auzotarrok elkartzen gara bazkaria egiteko». Hori horrela, aurten 40 lagun inguru elkartuko dira bertan. Bazkalostean karta jokoek hartuko dute protagonismoa, mus eta briska txapelketak egongo baitira.
Egunagaz amaitzeko, berriz, aurtengo berritasuna helduko da: Berriatuko Arriola jatetxean bi lagunentzako bazkaria zozkatuko dute. Azaldu dutenez, tiketak aurretik saltzen ari diren arren, bihar bertan ere erosteko aukera egongo da.
Jaiekin amaitzeko astelehenean [uztailak 22] elkartuko dira auzotarrak, Madalena Eguna ospatzeko. Meza egingo dute hildakoen alde, eta ostean auzotarren mokadutxoa eskainiko dute.
Denetariko ekintzak. Ziortza-Bolibarko Zeinke-Ziarregi auzoan ere ez dira atzean geratuko. Bi eguneko egitarau zabala antolatu du jai batzordeak: berritasunak eta ondo funtzionatzen duten ekintzak elkartuz, denen gustuko egitaraua dakarte.
Zapatuan 12:00ak jo orduko hasiko dituzte jaiak. Ostean, bazkaritarako elkartuko dira denak: «50 lagunetik gora egongo gara. Azken urteetan bazkariak oso ondo funtzionatu du, eta hala jarraitzen du». Arratsaldean, osteara, iaz berritasun modura eroan zuten Aeiou taldea egongo da, umeentzako jolasak eskaintzen. Ostean, aurtengo berritasun handiena helduko da: «Azken bi urtetan ez dugu erromeriarik ipini, baina aurten berriro ere errekuperatu nahi izan dugu». Hori horrela, Izarra eta Gorka arduratuko dira iluntzea girotzeaz.
Domekan, aldiz, txapelketa artean pasako dute eguna. Briska txapelketaren ostean, Hiru Txirlo bola joko txapelketa jokatzeko aukera egongo da; azken hori Bizkaiko Txapelketarako puntuagarria izango da.
Zeinke-Ziarregin umeentzako jolasak egongo dira Aeiou taldearen eskutik. Urriolan, berriz, herri kirolen erakustaldia egongo da.
Aulestiko Urriola auzoan ere, ez da ekintzarik faltako. Iazko berritasunek ondo funtzionatu zutela eta, aurten errepikatu egingo dituzte: herri kirolak eta pintxopotea. Hain zuzen ere, zapatu [uztailak 20] eguerdian mezagaz hasiko dituzte jaiak, eta ostean herri kirolen erakustaldia egongo da. Herriko Unai Goitia egongo da Mutrikuko Sokatira Taldearen ordezkari gisara, eta Ainize Perez eta Julen Iturraspe egongo dira, aldiz, Urtza herri kirol taldea ordezkatzen. Gainera, parte hartzeko aukera ere eskainiko dute.
Arratsaldean, berriz, briska porra, balinezko txapelketa eta umeen jolasak egongo dira, aukeran. Ostean, gainera, txokolatea egongo da denentzat. Egunagaz amaitzeko, pintxopotea eta sorpresa egongo dira.